Liburua, abestiak eta naturarekin harremana lantzeko fitxak

Alboan-etik, Cristina Eneako hezitzaile eta Ingurugelei lotutako irakasleekin batera, fitxa didaktiko batzuk garatzen ari gara 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzat (Haur Hezkuntzako azken zikloa eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloa).
Fitxetan irakasle eta familiekin Amazonia, naturaren zaintza, herritartasun globala, genero-ikuspegia eta Giza Eskubideak bezalako gaietan sakontzeko ideia eta jarduerak partekatzen ditugu. Ipuin eta abestiak lantzen dira, eta baita ere ikasgela eta bertatik kanpo egiteko jarduera osagarriak proposatu.
Fitxak eskuragarri daude liburuaren atzeko azalaren QR kodearen bidez eta esteka honetan. Album ilustratua eta abestiak bezala, fitxak euskaraz sortu dira eta euskaraz daude eskuragarri.
Materiala egiteko prozesua bizirik dagoenez, fitxa gehiago igoko ditugu. Une honetan, honako hauek daude eskuragarri:
- 00. fitxa: Ikasleekin ipuina irakurtzen hasi aurretik irakasleentzako mezua. Bertan, proposamena aurkezten dugu, eta irakasleak animatzen ditugu naturarekin duten euren harremanari buruzko hausnarketa pertsonala egitera, haurrekin lanean hasi aurretik.
- 01. fitxa: Zuhaitzetara igotzea gustatzen zaizu? Irakurtzen hasi aurretik haurrekin solasean. Fitxa honetan haurrek naturarekin dituzten harremanak, aurretiko esperientziak, emozioak, iritziak eta abar ezagutzeko jarduerak proposatzen dira.
- 02. fitxa: Liburua irakurtzen: haurrekin partekatzeko zenbait galdera eta iruzkin. Fitxa hau album ilustratuaren edukiari buruzkoa da. Irakurketa partekatua bideratzeko gako batzuk eskaintzen dizkiegu irakasle zein familiei, eta baita ikuspegi lokal-globala, ekodependentzia eta interdependentzia, kulturartekotasuna edota “bizitza ona” kontzeptuei lotutako gogoeta eta informazioa ere.
- 03. fitxa: Ikusi ikusi!! Entzun entzun!: naturari argazkiak eta grabazioak egiten. Jarduera osagarria dugu hau, eta haurrak euren inguruko gure natural hurbilen bat behatzeko modu batzuk proposatzen ditu.
Hezkuntza-fitxak eta proposamenak prestatzen jarraitzen dugu eta proposamen berriei adi egotera animatzen zaituztegu. Lehen esan bezala, espazio bizia da: zure ekarpena egin nahi baduzu jar zaitez gurekin harremanetan educacion@alboan.org helbidera idatziz.