Skip to main content

Ikasleengan pentsamendu kritikoa, enpatia eta partaidetza sustatzeko heziketa-gakoak

Ikasleengan pentsamendu kritikoa, enpatia eta partaidetza sustatzeko heziketa-gakoak.

Martxoaren 21ean, 17,30tan "Hezkuntza eraldatzailea: pentsamendu kritikoa, enpatia eta migrazioei eta babeslekuei buruzko irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetan parte hartzea sustatzeko gakoak" izeneko prestakuntza gauzatuko dugu. Esteka honetan izena eman dezakezu.

Aurkeztuko ditugun gakoak Comillaseko Unibertsitateak U-Change Europako proiektuan egindako ikerketa zabal baten emaitza dira. U-CHANGE proiektuaren ikerketari esker, sei ikaskuntza eta bakoitzaren gomendioak identifikatu dira, CHANGE proiektuko ikasle partaideen erantzunak aztertzearen ondorioz.  CHANGE proiektuaren xedea da ikasle gazteen (13 eta 18 urte) kontzientzia eta partaidetza haztea migrazioari, pertsona errefuxiatuei eta elkarbizitzari buruz, ikasleak sustatuz modu kritikoan pentsa dezaten, ekintzak eta iritziak bereiziz eta aurreiritziak eta estereotipoak aitortuz. U-CHANGE ikerketaren xedea zen ikasleengan partaidetza zibikoa hobetzeko gaitasunean izandako eragina ebaluatzea, kulturarteko trukea, aniztasuna eta gizarteratzea sustatze aldera.


Europako 9 herrialdetako (Belgika, Kroazia, Hungaria, Irlanda, Italia, Malta, Holanda, Portugal eta Espainia) irakasle eta ikasleetan oinarritu zen ikerketa, eta guztira 10.245 ikaslek eta 315 irakaslek hartu zuten parte. JRS Europak zuzendu zuen honako hauen lankidetzarekin: Entreculturas eta Alboan, Comillasko Unibertsitatearen Migrazioei buruzko Ikerketen Institutua (Espainia), Collège St. Michel eta CEBECO (Belgika); Popoli Insieme (Italia) eta JRS Hungaria; Erasmus+ izan zen kofinantzatzailea. Irakaskuntza eta gomendio nagusiak honako hauek dira:


1) CHANGE-k ikaskuntza eta pentsamendu kritikoa mobilizatu ditu: ikerketaren emaitzek programaren eragina baieztatu dute: programak ikaskuntza mugitzen du, pentsamendu kritikoko gaitasunak hartzea eta konpromiso zibikoa ere bai eta biztanleria errefuxiatuaren ikuspegi positiboa eta inklusioa areagotzen du. Eragin positiboa hazteko, eztabaida-foroak egitea gomendatzen da ikuspegi desberdinekin, baita tokian eta nazioartean praktika onak partekatzea ere.

2) Finkatutako aurreiritzi batzuk aldatzea nekeza da: ikasleen artean oso sustraituta dago errefuxiatua lehiatzera etorri dela edo mehatxua dela. Hori dela eta, errespetuan eta entzutean areago trebatzea gomendatzen da, baita berariazko trebakuntzak egitea ere informazio zehatzarekin, iruzurrezko mezuak errotik kentzeko. Testuinguru kulturala eta soziala sakon aztertzea gomendatzen da, beldur hori ulertu eta errealitatea enpirikoki esperimentatzeko, aurreiritziak hankaz gora jartze aldera.

3) Geletan migratzaileak eta errefuxiatuak egoteak eragin oso positiboa du: ikasgeletan migratzaileak eta errefuxiatuak egonez gero, ikasleek informazio hobea dute eta enpatizatu egiten dute. Pertsona errefuxiatuekin egiten diren topaketek historiak gizatiartzen dituzte, harremanak sortzen dituzte eta ikasleengan oihartzuna dute. Entzuteko guneei esker oztopoak eta aurreiritziak kentzen dira, zubiak eraikitzen dira esker onekoak izateko eta gizarte hobea eraikitzeko borondatea izateko. Pertsona migratzaile eta errefuxiatuekin topaketak azpimarratzea gomendatzen da, bai eta ikaskuntzarako sareak eta komunitateak sortzea ere, bizitako esperientziak trukatu eta horiei buruz hausnartzeko. Haur eta gazte migratzaile eta errefuxiatuak geletan integratzea gomendatzen da, baita ikastetxeetan langile migratzaile eta errefuxiatuak izatea ere, kulturartekotasunak enpatia eta gizarteratzea sortzen lagun dezan.

4) Ikasleen profil desberdinak daudenez, berariazko heziketa-estrategiak izan behar dira: ikerketak ikasleen hiru profil mota identifikatu ditu gaitasunen esparruaren, diskurtsoaren, jarreraren eta konpromiso zibikoaren arabera: ikastunak, konformistak eta kritiko pasiboak. Profil horien arabera, alderdi bat edo bestea azpimarratuz lagun egiteko gomendatzen da.

5) Testuingurua heterogeneoa da eta ez da neutrala: eraginak desberdinak dira aldagai zenbaiten arabera, hala nola generoa, erakunde mota (publikoa, pribatu erlijiosoa edo ez erlijiosoa), ikasgelan pertsona migratzaileak edo errefuxiatuak egotea, programa eman den irakasgaia edo hizkuntza (testuinguru kulturala). Horrek esan nahi du aztertu egin behar dela programa testuinguru desberdinetara egokitu eta testuinguruan kokatzeko aukerak aztertze aldera.

6) Zailtasunak daude errebindikazio- eta/edo elkartasun-ekintzetan parte hartzea sustatzeko: CHANGE-n parte hartutako ikasleen %10,5ak baino ez du egin errebindikazio- eta/edo elkartasun-ekintzarik. Ikasleak mobilizatzeko zailtasunak egon direnez, azterketak gomendatzen du, besteak beste, ikasleek parte hartze zuzena izan dezatela ekintza-proposamenak egiten eta egiteko konpromiso-mekanismoak finka daitezela; era berean, ikasleengan proaktibitatea sustatzeko programak egitea ere gomendatzen du.  

Informazio gehiagorako, ikastaroan parte hartzeko gonbita egiten dizugu, mota guztietako gomendio pedagogikoak eta didaktikoak sakonago aztertuko baititugu. Txostenaren laburpena hemen irakur dezakezu (laburpena, gaztelaniaz) eta txosten osoa ere bai (ingelesez) hemen