Skip to main content

Mugetatik Haratago daude pertsonak: nafar herritarrak migratzaileen eta errefuxiatuen errealitateetara hurbildu dira

Mugetatik haratago

Pasaden apirilean, 13tik 26ra bitarte, Iruñeko eta Tuterako ikastetxe eta herritarrentzako zenbait topaketa eta jarduera egin ziren Nafarroan, bizitza duina lortu ahal izateko etxetik alde egin behar duten milaka pertsonen errealitateari buruz gehiago jakiteko. Alboanen “Mugetatik haratago” lelopean karpak izan ziren, gizarte abegitsuagoa eta inklusiboagoa eraiki nahian harri-koxkor bat jartzeko aukeratutako tokia, Iruñeko San Ignazio ikastetxearekin eta Tuterako Aita Lasa zentroarekin elkarlanean.


Bi astetan zehar, migrazio eta lekualdaketa behartuari buruz hausnartzeko hainbat jardueratan zortzi ikastetxetako 500 bat neska-mutilek parte hartu zuten. Hala, Break out "ihes-jokoak" taldeka gainditu beharreko zenbait proba eta erronka proposatu zizkien, eta ikasleek gainditu egin behar zituzten, askotariko informazioak eskuratuz:  Ingurumen-hondamendien ondorioz zenbat jendek joan behar izan duen bere etxetik; muga hurbilenera joateko migrazio-bideak zeintzuk diren; zein zailak diren asiloa eskatzeko irizpideak; eta albiste faltsuek nola nahasten duten eta nolako errefusa eta beldurra sortzen duten. Gainera, gure errealitatean berehala harrera-gizartea bilakatzeko eta izateko zer egin dezakegun pentsatzeko gonbita egin zitzaien.


Iván Benítez argazki-kazetariaren "Stand by" argazki-erakusketa bisitatzeko aukera ere izan zuten bertaratutakoek. Helmuga seguru eta duin baten bila ihes egiten duten Erdialdeko Amerikako eta Siriako milioika pertsonaren eta familiaren istorioak biltzen dituen erakusketa. Alboanek Mexikoko Errefuxiatuentzako Zerbitzu Jesuitarekin, Honduraseko Gogoeta eta Ikerketa eta Komunikazio Taldearekin (ERIC), eta Errefuxiatuentzako Europako Zerbitzu Jesuitarekin elkarlanean dihardu, etorkizun baketsu eta seguru baten bila beren herrialdeetatik ihesi datozenei arreta emateko. Orobat, Euriartean konpainiaren eskutik  Eta zu… nongoa zara? antzezlana eszenaratu zen.


Azkenik, esperientzia-mahai batek gure ingurune hurbilenean abian diren harrera- eta inklusio-proposamen zehatz batzuk nabarmendu zituen: babes komunitarioa, transpiriniotar sozial eta solidarioa, eta ikastetxeetan egindako lana. Guk ere bat egin dezakegu ekimen horiekin.


*Ekimen honek,  Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Legebiltzarraren, Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta La Caixa Fundazioaren babesa du, eta Innovasocial programaren barruan kokatzen da.