Justizia ekosozialaren alde sentitu, pentsatu eta ekin
Inoiz gustatu al zaizu zuhaitzetara igotzea? Oraindik igotzen al zara? Eta zure inguruko txikiak zuhaitzetara igotzera animatuko zenituzke?
Galdera hauekin hasten da Ez gara jaitsiko! album ilustratua eta abestiak lantzeko prestatu dugun material pedagogiko-didaktikoa, Amazonia gara kanpaina txikienei gerturatzeko helburua duena, baina helduentzat ere pentsatu duguna, helduak baikara proposamen pedagokiko hori eta haurren arteko bitartekari.
Eraldatu nahi badugu, garrantzitsua da norberaren buruari eta errealitateari zintzotasunez heltzea eta ikuspegi teoriko urrun edota idealizatuetatik harago joatea. Horregatik, txiki zein handiei, Amazoniarako bidaia gertuko inguru eta naturarekin dugun harremanetik hastea proposatzen dizuegu. Abiapuntua hori da, eta proposatu nahi dugun norabidea ere argi daukagu: Iratitik Amazoniara bizitzaren zaintza barreiatu, hau da, natura eta pertsonen zaintza, gertukoenetatik hasita urruti daudenak ahaztu gabe. Kontzeptu akademikoagoak esatearren: ekodependente eta interdependente garela aitortu, eta elkarrekin ikuspegi horiek ardatz dituen etika eta politika sustatu nahi dugu.
Irakasle zein ikasleongan familia, giro, bizileku, aurreko esperientzia eta beste hainbat elementuk naturarekin dugun harremanean eragin handia dute eta, zalantzarik gabe, gure gizarte eta kulturak ere bai. Gizarte moderno eta okzidentalak gizaki eta naturaren artean banaketa ezarri du: batetik gizartea dago, zibilizazioa; eta bestetik natura, espazio arriskutsu eta basati bezala ikusten dena. Ikuspegi horren arabera gizakiok natura kontrolatu behar dugu eta gure zerbitzura jarri. Sistema ekonomiko kapitalista ere badugunez, natura ondasun ekonomiko eta merkantzia gisa hartzen dugu eta baliabide naturalak modu masiboan erauzi eta ustiatu, gaur egun hain ageriak diren hainbat arazo sortuz, hala nola kutsadura, hainbat eskualdeen suntsiketa, eta larrialdi klimatikoa besteak beste. Mende gutxitan, gure planetaren muga ekologikoetara iristera eraman gaitu ikuspegi horrek.
Amazonia gara, ekodependienteak gara
Amazoniako herri indigenek, bestalde, oso harreman desberdina dute naturarekin. Haien gorputzak eta bizitza bera naturarekiko dependienteak direla ulertzen dute, eta ondorioz naturaren aliatu bezala jokatzen saiatzen dira. Milaka urteko harreman horretan oreka mantendu da eta iraunkortasuna bermatu. Horri deitzen diogu ekodependentzia: gizakiok naturarekiko dugun beharraren aitortza, naturaren baldintza eta mugen menpe gaudelako kontzientzia. Naturaren parte gara eta natura behar dugu eta sortzen ditugun kalteek ere natura eta guregan eragina izango dute.
Gure gizarteak menderatze, zapalkuntza eta esplotazio printzipio horiek ez dizkio naturari bakarrik aplikatzen: hainbat pertsona eta herriekin ezartzen dituen harremanak ere horietan oinarritzen dira eta historikoki emakumeei eman zaien tratuarekin ere bat datoz. Ez da kasualitatea aipatu dugun bigarren kontzeptua, interdependentzia, feminismoetatik jaso izana. Interdependienteak gara, gainerako pertsonak behar baititugu bizi irauteko. Zaintzarik gabe ez genuke aurrera egingo, bereziki bizitzako une zaurgarrietan, hala nola haurtzaroan, gaixotasunean eta zahartzaroan, baina ez bakarrik: egunero dugu beharrezkoa beste pertsonekin hartu-emana. Interdependentzia kontzeptuak ere bizitza batzuk beste batzuen gainetik daudelako paradigma hausten saiatzen da.
Erabilgarritasuna, aberastasuna edo botere ekonomikoaren bilatzean oinarritzen den harremanetatik konpromisoa, maitasuna eta ekitatea ardatz izango dituzten harremanetara pasa nahi dugu, natura zein pertsonekin. Katxiporretarekin batera prestatu dugun Ez gara jaitsiko! proposamenak bide hori egiten hastera gonbidatzen gaitu, txikienekin gure etxe alboko zuhaitzak begiztatu, eta beraietatik hasita zuhaitzez zuhaitz, herriz herri, lagunez lagun, elkarrekin natura eta pertsonen alde sentitu, pentsatu eta ekinez.