Skip to main content

Hezkidetzako praktika-komunitateak eraikitzen hezkuntzako aisialdian

Hezkidetza Aisialdian

Hezkuntza ez da geletara mugatzen; bizitzaren alderdi guztietara zabaltzen da, baita aisialdira ere. Testuinguru horretan, eta hezkuntza formalaren urratsei jarraituz, Alboan-en lau urte daramatzagu hezkidetzako praktika-komunitate bat sustatzen, hezkuntzako aisialdiko taldeek elkarrekin ikasteko eta hazteko gune aberasgarri gisa azaleratzen dena.

Zertan datza hezkuntzako aisialdiko hezkidetzako praktika-komunitatea?
Alboan-ek lagundutako hezkidetzako praktika-komunitatean, gaur egun, aisialdiko edo hezkuntza ez-formaleko 8 taldek hartzen dute parte; honako hauek: EGK, Giltzarri, Indautxuko Eskautak, Indautxuko Talde Feminista, Fundación Ellacuría, Cristina Enea, Argitan, eta Alboan-en Gazte Sareak. Parte-hartzaileek ikaskuntzan eta irakaskuntzan interes komuna dute, eta aldian-aldian biltzen dira lankidetzan aritzeko eta elkarrengandik ikasteko. Gainera, talde guztiak Alboan-en hezkidetzako autodiagnostikorako tresna ezartzen ari dira; eta, gaur egun, parte hartzen duten taldeetako batzuk urte honen amaieran argitaratuko dugun hezkidetza-esperientzien sistematizazio-prozesu baten parte dira, horrelako taldeen eskura beren hezkuntza-praktiketan hezkidetza zeharkako egitean erreferentzia gisa erabil ditzaketen hezkidetzako ikaskuntza eta praktikak jartzeko helburuarekin.

Genero-ekitatea sustatuz
Hezkidetzako praktika-komunitate baten helburu nagusietako bat genero-arauei aurre egitea da; bai eta haur, nerabe eta gazteen arteko berdintasuna sustatzea ere. Hori honela lortzen da: taldeen hezkuntza-proposamenaren arduradunek beren hezkuntza-jardunaren bidez genero-aurreiritziak eta -estereotipoak desagerrarazteko aukerak identifikatzeko gune bat eskaini behar dute. Genero-estereotipoei buruzko eztabaida irekia eta kritikoa sustatzen da, eta estereotipo horiei aurre egiten dieten jarduerak eta proiektuak sustatzen dira.

Elkarlaneko ikaskuntza
Hezkidetzako praktika-komunitate batean, ikaskuntza elkarlaneko prozesu bat da. Kideek beren esperientziak, ezagutzak eta baliabideak partekatzen dituzte; baina baita beren pozak, garaipenak eta porrotak ere. Gure gizartean hain txertatua dagoen patriarkatua garaitzeko aliantzak ehuntzeko gune bat da. 

Alboan-ek sustatutako hezkidetzako praktika-komunitatea genero-berdintasuna eta elkarlaneko ikaskuntza sustatzeko bitarteko bat da. Gainera, haren jarduerak eragin positiboa du gizarte berdinzaleago, anitzago eta bidezkoago baten eraikuntzan. Hezkuntza aurrerabiderako giltzarria den mundu honetan, komunitate horiek aurrerapausoa dira pertsona guztientzako etorkizun inklusiboago eta hezitzaileago baterantz.