Skip to main content

Hezkidetza jardunaldiak: Hezkidetzan hezten bost zentzumenekin

Hezkidetza Jardunaldiak

Joan den azaroaren 15ean eta 16an, II. Hezkidetza Jardunaldiak egin ziren Bilbon, Alboanek antolatuta. Oraingoan, Deustuko Unibertsitatearen lankidetza izan dugu; bi egunez, gure etxe bihurtu zen. Ehunetik gora lagun bildu dira gurekin, elikatzen gaituzten proposamen eta bizipenak hausnartzeko, partekatzeko eta dastatzeko aukera eman digun espazio honetan, hezkidetza DNAn daramala ulertzen duen hezkuntza eraldatzaile, berdintzaile eta askatzaile baten alde lanean jarraitzeko.

Gurekin izan dira Amparo Tomé, Marina Subirats, Marian Moreno, Beatriz Ugarte, Maialen Olabe eta Amelia Barquín, besteak beste. Askotariko ahotsak, denborarekin, presarik gabe, samurki (geure burua) zaintzeaz hitz egiten diguten mezuak azaldu dizkigute. Arrakasten berri emateko tokirik ere izan da; adibidez, astelehen arratsaldeko tailerretan. Gure inguruneko esperientzia eta praktika zehatzak dira, eta energiaz betetzen gaituzte. Garrantzitsua da horiek ospatzea, baina ezin dugu ahaztu erne jarraitu behar dugula, oraindik bide luzea baitugu egiteko. Jardunaldien bigarren saioan, hezkuntza formalaren eta ez-formalaren arteko aliantza beharrezkoari buruz gogoetatzeko leku bat izan genuen. Alboanen, ikasgelatik kanpo aritzen diren gazte erakundeak sartu ditugu gure laguntza-prozesuetan. Aisialdiko eta astialdiko espazioak ezin dira hezkidetzatik kanpo egon, eta ez daude, Euskadiko Gazteria Kontseiluak (EGK) adierazi digun bezala.

Lankidetza-sareak ehuntzea ezinbestekoa da hezkidetzako lanean eta, horren jakitun, ez dugu bakarrik egiten bidea; aitzitik, elikatzen eta beste testuinguru batzuk, beste proposamen batzuk eta hezkidetza egiteko beste modu batzuk erakusten dizkiguten aliantzak ditugu. Fe y Alegría erakundeko kideak izan ziren Chacotik (Argentina) eta Nikaraguatik beren bizipenak, erronkak, zailtasunak eta lortutako aurrerapenak azaldu zizkiguten ahotsak.

Erronka handia genuen aurrean, baina pozik gaude, egun hauetan ikasi dugulako, barre egin dugulako eta, batez ere, konpainia onenean egon garelako, babesturik eta lagun artean; guk bezala, gure ahaleginaren helburu den gizarte ekitatiboagoa, justuagoa eta solidarioagoa eraikitzen lagunduko diguten hezkidetza-praktikak mantentzeko ardura eta konpromisoa duten profesionalekin.

●   Euskadiko Lankidetza Agentzia eta Bizkaiko Foru Aldundia jardunaldien kolaboratzaile izan dira.