Skip to main content

Eskolara iristeko bide malkarra Txaden

Kaikaik "Nesken kluba"-ko kidea da

Martxoaren 8a dela eta, Txadeko (Afrika) Foul-Foul eskolara hurbildu gara, kalitatezko hezkuntza jasotzeko oinarrizko eskubideari uko egin nahi ez dioten nesken -haur zein gazte-, eguneroko borroka ikustera. Afrikako herrialde horretan, eskola-adinean dauden nesken % 9k bakarrik lortzen du oinarrizko bigarren hezkuntzako ikasketak amaitzea, eta familia askok lehentasuna ematen diote semeen hezkuntzari nesken -haur zein gazte- hezkuntzari baino.

Kaikairentzat hezkuntzak berebiziko papera jokatzen du bere ametsa bete dadin: emagin izan nahi du, bere herriko emakume askok zailtasunak izaten baitituzte erditzerakoan. Foul-Foul ikastetxera joaten da egunero, Txad aintziraren eskualdean, herrialdearen mendebaldean. Gurasoek ez dute zalantzarik egiten eta abelbururen bat saltzen dute alabari ikasketetan laguntzeko zerbait gehiago behar bada. 

Hala ere, milaka haurrek erronka handiei egin behar izaten diete aurre kalitatezko hezkuntza lortzeko edo Afrika erdialdeko herrialde honetan ikasketak amaitzeko. Txad munduko herrialderik txiroenetakotzat hartzen da. Larrialdietan eta krisi luzeetan, hezkuntza bigarren mailan geratzen da. 

Eskola-uzte tasa altuen arrazoi ugarien artean daude familien baliabiderik eza, haurren lana eta etxeko lanak, haurdunaldi eta ezkontza goiztiarrak eta/edo behartuak, eskola-azpiegitura urriak, eskolen aurkako erasoak, edo eskolarako bidean gertatzen diren indarkeria eta/edo bortxaketak.

Derrigorrezko desplazamendua ere eskola-uztea eragiten duten faktore nagusietako bat da. Milioi bat lagun baino gehiago daude -bertakoak zein atzerritarrak- herrialdean bertan desplazatuta. Erdiak baino gehiago adinez txikiak dira.

Bestalde, Txad aintzira kontinenteko krisi humanitario larrienetako baten epizentroa da. Azken sei urteetan, 406.000 herritarrek baino gehiagok alde egin behar izan dute euren bizilekutik talde armatuen erasoen edo basamortutze bizkorraren ondorioz. Inguru horretan, ikasleen % 10ek baino gutxiagok amaitzen du Lehen Hezkuntzako zikloa. 

Hilekoa, tabua eskolan

Neska askok ezin izaten dute eskolara joan hilekoarekin daudenean higienerako materialik ez dagoelako eta eskola-ingurunean hilekoari eta emakumeen sexualitateari buruzko aurreiritziak eta tabuak daudelako. 
Kaiki bere eskolako "Nesken Klubeko" kide da. Talde horiek Jesuiten Txad Zerbitzuak (JRS), ACRA GKE italiarrak eta CELIAF

Txadeko erakundeak osatutako partzuergoaren laguntza dute. Kideek hilekorako fardeltxoak eta komunitatea aldatzeko eragile bihurtzeko prestakuntza jasotzen dute. Era berean, partzuergoak sentsibilizazio-saioak antolatzen ditu irakasleentzat eta komunitateentzat, eta gelak birgaitu eta eraikitzen ditu Aintzirako eta Ekialdeko Logoneko probintzietan, herrialdearen hego-mendebaldean. 

"Lehen ez nekien eskolara joan zitekeenik hilekoarekin egon bitartean", azaldu du Kaikaik. Mutilak ikusi izan ditut neskei barre egiten [hilekoarekin zikindu direlako], baina niri ezingo didate barre egin orain. 
30 bat kilometrora, Fourkoulomeko desplazatutako pertsonen kokalekuan, Madouk dio berriz erabil daitezkeen konpresa gehiago behar dituztela fardeltxoetan: «Ezin gara beti hilekoaren fardeltxoak ur-puntura garbitzera joan , ez baita segurua.»
Neska horiek dira etorkizuna eta aldaketa. Eta hezkuntza euren aliatu nagusia eta herentziarik onena. "Gure gurasoek ez dakite, ez irakurtzen, ez idazten; guk irakurriko ditugu euren agiriak", esanda bukatu du Kaikaik.

  • Iturria: Txad: Acceder a educación de calidad durante el desplazamiento, Irene Galeraren eskutik, JRS Mendebaldeko Afrika/Laku Handiak, Mensajero aldizkarian argitaratua 2022ko otsailean. 
  • Irudia: Irene Galera.