Skip to main content

Hezkuntza-politika berri bat Indian: aurrerapauso bat?

Hezkuntza-politika berri bat Indian

2020ko uztailean, hezkuntza-politika nazionala onartu zen Indian. Lege honen helburua da hezkuntza-egiturari forma ematen dioten alderdiak modernizatzea, XXI. mendeko hezkuntza-helburuetara hobeto egokitzen den sistema bat ezartzeko (tartean, Garapen Jasangarrirako 4. Helburua: kalitatezko hezkuntza unibertsala bermatzea). Helburu hauek ditu hezkuntza-politika nazionalak:

  • Lehen hezkuntzako eskoletan irakurketa-idazketan eta aritmetikan dauden emaitza kaskarrak hobetzea.
  • Lehen haurtzaroko zaintzan arreta jartzea.
  • Estatuko ikasketa-plana eta pedagogia berregituratzea. 
  • Irakasleen prestakuntzan inbertitzea, irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko.

Lehen hezkuntza unibertsala, eta gero?

Hezkuntza Indian

Hezkuntza-lege berriaren helburua da, 2030erako, guztiak haur-hezkuntzako eta lehen hezkuntzako eskoletara joan ahal izango direla bermatzea eta, 2025erako, goi-mailako hezkuntzako matrikulazioa % 50 handitzea. Alde horretatik, ez dago eragozpenik. 

 

Lege berriak sortu dituen kritika nagusietako bat da beharbada unibertsitateko hezkuntza pribatizatzea ekarriko duela, eta, ondorioz, pribatizaziorako bidea zabalduko du. Neurri horren bidez, unibertsitateko hezkuntzaren kalitatea hobetu nahi da, baina, ordainetan, garestitu egingo da, eta areagotu egingo dira hezkuntzako kasta- eta klase-desberdintasunak. 

Hezkuntza unibertsala etapa guztietan?

Unibertsitateak pribatizatuz gero, tasak garestitu egingo dira ezinbestean, eta, orduan ere, sozialki eta ekonomikoki egoera ahulagoan dauden talde eta komunitateetako ikasleek (esaterako, Gujarateko eta oro har Indiako adivasiak eta dalitak) askoz ere zailtasun handiagoak izango dituzte unibertsitateko ikasketak egin ahal izateko. 

Desberdintasunaren arrakala hori gehiago handitu ez dadin, beharrezkoa da hezkuntza-plan nazionalak aplikagarria den testuinguru guztiak kontuan hartzea, hiri handietako eremu pribilegiatuetarako balio duena agian ez baita Dangeko herrixka urrun batean behar dutena. 

Beharrezkoa da Estatuak hezkuntza kudeatzea eta planifikatzea, irakasleei orientazioa eta laguntza emateko. Baina beharrezkoa da ere sistema malgua izatea, haurrek kalitatezko hezkuntza jaso dezaten eta gero eta dalit eta adivasi gazte gehiago lehen hezkuntzatik bigarren hezkuntzara eta unibertsitateko hezkuntzara irits daitezen, etorkizuna beren eskuetan dutela bermatzeko.