Skip to main content

Beste eskola posible baterako hezkidetza

Hezkidetza Mujika Eskola

Alboanek urteak daramatza hezkidetzan oinarritutako hezkuntza-eredu baten alde lanean. Gure ustez, zentroko bizitzan parte hartzen duten pertsona guztiak begirunez tratatuko dituzten espazioak sortu behar dira ikastetxeetan. 2015etik, hezkidetza-esperientzia ugari ikertu eta erkatu ditu Alboanek, eta Euskadiko 45 ikastetxeri baino gehiagori lagundu die hezkidetza-prozesuetan. Hori egin ahal izateko, autodiagnostiko-tresna bat diseinatu eta jarri du martxan, hezkuntza-komunitateko kide guztiak hartzen dituena kontuan: ikasleak, irakasleak, zuzendaritza, irakasle ez diren langileak, familiak, eta abar. 

Mujika Eskola, desberdinak baina parekoak
Mujika Eskola Bilboko Alde Zaharrean dagoen ikastetxe publiko txiki bat da. Zentroak 210 ikasle ditu, eta aniztasuna du bereizgarri: 26 herrialdetatik datozen familiak ditu. Hiri-eskola bat da, instalazio xumeak baina biziz beteak dituena. Batzuek zailtasunak ikusten dituzten tokian, guk abagune bat ikusten dugu: inguruko aniztasunak gure seme-alabei eskaintzen dien aberastasuna. 

Mujika Eskolak urteak daramatza ekitatearen aldeko bide luzea egiten. Hain zuzen, jadanik berdintasun-politika bat egina zuen ikastetxeak, 2013an autodiagnostiko-prozesu xehea egin ondoren. Iazko ikasturtean, ongi jakinik bide hori ez dela zuzena, baizik eta okertsua, bihurgunez, zuloz eta itzulbidez betea, dokumentu hori berrikustera eta Alboanek eskainitako autodiagnostiko berria egitera animatu zen irakastaldea.

Coeducacion

Hortaz, Alboanen Hezkuntza Arautuko Amaia Alberdirekin eta Maria Lezaunekin bilerak egiten hasi zen hezkidetza-batzordea, kide hauez osaturik: ikastetxeko zenbait irakasle, irakasle ez diren langileen ordezkari bat, eta Makuma guraso-elkarteko zenbait ama. Lehen aurkezpen-saio baten ostean, batzordeak lanari ekin zion, garrantzitsutzat genuen informazio guztia biltzeko. Hasiera batean, itogarria gerta daiteke matrizeari aurre egitea, kontuan hartu, aztertu eta zalantzan jar daitezkeen ezin konta ahala lan-ildo dituenez. Alboanek gomendatu zigun alderdi jakin batzuei erreparatzea, den-denaz arduratu nahi ordez. Informazioa bildu genuen, ikastetxeko kulturari dagozkion ohiturak eta ekintzak berraztertu genituen, eta konturatu ginen ikastetxeko hezkidetza-maila ongi ari dela aurrera egiten, nahiz eta ezin dugun arreta galdu, badirelako hobetu beharreko hainbat kontu.

Eta pandemia iritsi zen…
Erritmo ona hartu genuenean, eta zenbaki eta puntuen atzean ezkutatzen zen irudia ikusten hasi ginenean, osasun-arloko larrialdia adierazi zuten eta bertan behera geratu zen guztia. Uste genuen ikasturtea amaitu aurretik autodiagnostikoa bukatzeko gai izango ginela, baina egoera berriak galga jarri zigun. 

Ikasturte berriaren hasiera zalantzaz beteta egon zen: irekiko al dituzte ikastetxeak? Berriz konfinatuko al gaituzte? Egoera horretan, hezkidetza-batzordeak denbora bat behar izan zuen berriz ere martxan jartzeko, baina orain bai, azken txanpan gaude. Gutxi falta da autodiagnostikoa amaitzeko, oihaleko margoa lehortzeko eta datozen urteetarako lan-ildoak identifikatzea ahalbidetuko digun margolana ikusgai geratzeko. 

Bidean, batzuetan, Penelope bagina bezala sentitu gara: egun osoz tapiza ehuntzen, eguzkia jartzean berriz desegiteko. Baina ez da hala. Ohartu gara gure ikastetxean guztiok ehuntzen dugula, eta guztion artean oihal koloretsu bat ari garela taxutzen, hainbat koloretako hariekin, ikastetxeko ikasle eta kide guztion aniztasunaren erakusgarri. Ziur gaude ehuna nahikoa sendoa izango dela, harremanen pisua eta denboraren joana jasateko, eta nahikoa beroa, ekaitza iristen denean babesa emateko. 

 

* Alboanekin batera beste zazpi ikastetxeren eta gazteen gizarte- eta hezkuntza-programa baten bizipena ezagutu nahi baduzu, deskargatu ikerketa: Hezkidetza abian jartzeko prozesuak: gakoak eta ikaskizunak >

 

 

Partekatu