Skip to main content

Durangon feministak gara, eta zure eskolan?

Durangon feministak gara, eta zure eskolan?

Otsaileko lehen astean, Durangoko San José Jesuitak ikastetxean, Haur Hezkuntzako ikasleek "Feminista naiz, eta zu?" ipuinarekin lan egin zuten. Baliabide hori Alboan-en sortu ditugun materialetako bat da, neskak eta mutilak genero-desberdintasunen inguruan sentsibilizatzeko, harremanak egiteko moduetan alternatibak erakusteko eta herritartasun kritikoa, solidarioa, justua eta inguruarekiko arduratsua eraikitzeko, bizitzaren zaintza erdigunean jartzen duena eta feminista ere bai.

Ipuina irakurri ondoren ikasleekin ikasgelan izandako dinamikak ilustrazioetan ikusitakoari eta entzundako hitzei buruzko hausnarketa egitea ahalbidetu zuen. Lukene Juarez ikastetxeko irakaslearen hitzetan:
“Harrituta geratu dira ipuinarekin, adi adi egonda dira... Eta feminismoa ulertzeko urratsak egin du uste dot... Eskerrik asko material zoragarri honengaitik!”

Ipuina feminismoaren  eta hezkidetzaren gaia ikasleekiko sartu ahal izateko sortu da. Ipuin honetan agertzen diren ilustrazioek aukera ematen diete haurrei haiekin identifikatzeko, eta patriarkatuaren kontzeptua hobeto ulertzen laguntzen dute, munstro batekin identifikatuz. Azken orrialdeetan gakoak eta proposamen pedagogikoak daude irakasleentzat eta baliabide hori ikasgelan edo etxean erabiltzen duten familientzat.

Esteka honetan deskargatzera animatzen zaitugu, informazio gehiago nahi izanez gero gurekin harremanetan jartzera (educacion@alboan.org) edo gure egoitzetara hurbiltzera, zure ikastetxerako ale bat eskatzera.