Skip to main content

Bost urte ikastetxeetan hezkidetza-prozesuak sustatzen: zer ikasi dugu?

Hezkidetzako ikerketa

Bost urte baino gehiago daramatzagu ikastetxeetan hezkidetza lantzen, autodiagnostiko-prozesuak bideratzen eta zuekin, ikastetxeetako irakasleokin, egunerokoan hezkidetza ezartzeko eta zeharkakotzeko plangintzak amesten. 

Egin dugun ibilbide horretan, hezitzaileekin besoz beso lanean gozatu dugu, egiteko modu berriak ezagutu ditugu, gure tresna hobetu dugu eta, batez ere, hazi egin gara eta zuen alboan ikasi dugu.

Proceso Coueducación Horregatik guztiagatik, garrantzitsua zen atzera begiratzea, egin dugun ibilbidea berrikusteko, eta hortik gakoak atera eta hezkuntza-komunitate osoarekin partekatu ahal izateko. Hori horrela, 2020. urtearen hasieran autodiagnostiko-prozesuei buruzko ikerlan bat planifikatzen hasi zen Alboan-eko hezkidetza taldea, Mondragon Unibertsitateko lantalde batekin elkarlanean (Amelia Barquín eta Miren Barrranguan). Datuak lortzeko, laguntza eskatu genien zazpi ikastetxeri eta gazteentzako gizarte-hezkuntzako programa bati, eta elkarrizketak egin genizkien zentro horietako hezkidetza taldeetako kideei. Apirilean, maiatzean, ekainean… ondorioak atera eta prozesuotan parte hartu zuten irakasleekin partekatu ziren, eta urriaren hasieran gure eskuetan genuen argitalpena, zuei erakusteko prest. 

Ikerlanak hainbat argibide ematen dizkigu: nolakoak diren prozesuak dinamizatu dituzten talde eragileak, zer modutan lor dezaketen legitimotasun handiagoa, nola mantendu daitezkeen aldaketak denboran zehar, zer hezkuntza-premia dituzten klaustroek eta zer aldaketa pertsonal bizi izan dituzten parte hartu duten eragileek. Orobat azaltzen da zer erresistentzia aurkitu diren, nola egin dakiekeen aurre, zer erronka dauden etorkizunari begira, zer-nolako laguntza ematen duen Alboan-ek, eta zenbait aholku eskaintzen dira. 

Hemen, eskuratu dezakezue ikerketa (deskargatu edo inprimatutako ale bat eska dezakezu, educacion@alboan.org helbidera idatziz). Horrez gain, Alboan.tv kanalean bideo batean laburbilduta aurkituko dituzue ikerketaren ondorioak.