Skip to main content

Amazoniara bidaiatzeko liburu eta abestiak, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin.

Amazoniara bidaiatzeko liburu eta abestiak, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin.

“Ez gara jaitsiko!” album ilustratu eta CDarekin Katxiporretak eta Alboan-ek bat egin dute Amazonia gara kanpaina 4 eta 8 urte bitarteko haurrei hurbiltzeko. Helburua da haurrak beren ingurunea zaintzera animatzea eta Amazonia eta bertan bizi diren herriak babestearen garrantzia ulertzea.

 "Ez gara Jaitsiko!" album ilustratuak eta abestien CDak joan-etorriko bidaia bat proposatzen digute Iratiko Oihanetik Amazoniara. Historian eta ilustrazioetan aurrera egin ahala, hainbat zuhaitz, landare eta animalia agertzen dira, mundu konektatu baten aniztasuna eta aberastasuna erakusten digutenak.

Abentura honetan naturarekiko errespetuzko harremana bizi duten pertsonak ezagutuko ditugu eta planeta zaintzea guztion esku dagoela konturatuko gara. Leku, baso eta izadiaren arteko lotura dagoenez, haurrek ulertuko dute gure etxe komunaren gaineko ekintza negatiboek kalte egin diezaieketela beste leku eta pertsona batzuei, baina ekintza positiboek batzuetan uste duguna baino ekarpen handiagoa egin dezaketela ere bai.

Album ilustratuak CD bat du, eta bertan, Pirritx, Porrotx eta Marimototxen ahotsetan kontatutako ipuinaz gain, hamahiru abesti daude, denak gaiarekin lotura zuzena dutenak. Horietatik hiru proiektu honetarako bereziki konposatu dituzte: Lurra gara abestian (Zaldiboboren abestiaren bertsioa, Xabier Amurizaren hitzekin) ekodependenteak garela aipatzen da; Amazonia abestiak Amazoniaren soinuak hurbiltzen dizkigu, eta haren zaintzaren aldeko ereserkia da; eta Ez gara jaitsiko!, abestian erritmo bizi eta mezu aldarrikatzailea topatuko ditugu, haurrei natura eta pertsonen zaintzatik “ez jaisteko”  deia eginez. Material hau guztia euskaraz sortua da eta euskaraz dago eskuragarri. 

Material ederra da, belarrietatik eta begietatik sartzen dena, egungo Euskadi Literatura Sariaren den Leire Bilbaoren hitz, Irrimarraren ilustrazio eta Xabier Zabalaren musikaren bidez. Gozatzeko, ezagutzeko, ikasteko, dantzatzeko, aldarrikatzeko eta bizitza eta natura zaintzeko balioak eta jarrerak martxan jartzera bultzatzen gaituen materiala da. 

Album ilustratua eta CDa salgai daude Katxiporretaren webgunean eta liburu-dendetan. Abestien erreprodukzio zerrenda Katxiporretaren youtube orrialdean ere eskuragarri dago.