Skip to main content

Alboan - Gazte Sarearen topaketa: Amazonia gara

ALBOAN GAZTE SAREAren TOPAKETA: AMAZONIA GARA

Joan den abenduaren 3a Alboan Gazte Sarearentzat ospakizun-eguna izan zen. Peruko Amazoniatik etorritako Fe Y Alegría-ko (herri heziketa-mugimendua) gazteekin egindako prestakuntza-prozesua eta topaketa amaitzeko, Amazonia gara Gazteen Nazioarteko Topaketa egin zen; edizio honetako gai nagusia herritar ekosozialak eraikitzea izan da. 

Egun horretan aisia hezitzaileko eta gizarte-erakundeetako 9 taldetako 50 gaztek naturaren defentsa eta zaintza landu zituzten. Tutera, Iruñea, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iquitos-eko (Peru) gazteek hartu zuten parte topaketan. Ulia mendian (Donostia) izan zen topaketa eta aterpetxearen inguruan egin ziren jarduerak, baita Cristina Enea Fundazioaren Interpretazio Zentroan ere. 
 

Jarduera nagusia natura defendatzeko esperientziak trukatzea izan zen; mundu osoko esperientziak trukatu ziren, Iparraldekoak nahiz Hegoaldekoak. Iquitoseko Fe y Alegría-El Milagro heziketa-zentroko kideen lekukotza entzuteko aukera izan genuen, gertutik ezagutzen baitituzte ingurumen-katastrofeak, hala nola petrolio-isuriak edo Amazoniako oihana plastikoek nola hartu duten. Aisiarako tartea ere izan zen eta ginkana bat egin zen gizarte eta ingurumen arloko justiziari buruz; herrialdeen arteko mendekotasuna nabarmendu zen eta planetako mutur batean gertatzen denak beste muturrean eragina duela azpimarratu zen. Ondoren, euriak mendi-buelta zoragarria zapuztu zuen arren, elkarrengandik ikasteko gogoa eta une onak ez zituen geldiarazi, eta dantza, musika eta dibertsioa izan ziren nagusi, partekatu dugun bideo politi honetan ikus daitekeenez: 
 

 

Bihotz-bihotzez ematen dizkiegu eskerrak parte hartu zuten talde guztiei: Loiolaetxea (Donostia), Campillo (Vitoria-Gasteiz), SEI (Iruñea), Centro Lasa (Tutera), Fridays For Future (Bilbo), Ellacuría Fundazioa (Bilbo), Loja Crew , Magis Donostia eta Fe Y Alegría El Milagro (Iquitos) taldeko kideak- eta esker bereziak begirale taldeari, Alboaneko boluntario gazteen taldeari, urtero lanean aritzen baitira horrelako ospakizunak egin ahal izateko. 

Aurten Alboan Gazte Sareak 10 urte beteko ditu. Hamarkada honetan topaketa ugari egin dugu eta askoz gehiago egin nahi ditugu, aztertzen ditugun gai guztiez konpromiso eta erantzukizun handia izaten jarraitzen baitute gazteek. Mila esker etengabe hazten ari den eta jendea “atzitzen” duen Sare polit hau urtetik urtera hazten eta bizirik mantentzen lagundu duzuen guztioi. Gazteok etorkizuna zarete, baina batez ere, oraina zarete.