Skip to main content

Haitiren alboan larrialdi berriaren aurrean

Haití

7.2 magnitudeko lurrikara batek astindu zuen Haiti joan den abuztuaren 14an, batez ere herrialdearen hego-mendebaldea. Petit Trou de Nippes hiritik gertu izan du epizentroa, Port-au-Prince hiriburutik 150 kilometro ingurura, eta hildako ugari eragin ditu, kalte material larriez gain. 

Orain arte 2.200 pertsona zendu dira lurrikararen ondorioz, eta beste 12.000 zauritu; gainera, 60.759 etxebizitza eraitsi ditu, eta kalte larriak eragin dizkie eskola, osasun-zentro, espetxe, eliza eta errepide askori, non eta ez dituen zuzenean birrindu. Larrialdi-egoera aldarrikatu du lehen ministroak pasa den abuztuan.

Lehen unetik beretik egon gara harremanetan Haitiko erakunde bazkideekin –Migratzaileentzako Jesuiten Zerbitzua, eta Foi et Joie (Fe y Alegría)–, eta lehen eskutik kontatu digute han gertatzen ari dena:

"Etxeak suntsitu eta bizitzak akabatu ditu lurrikarak. Irudiak ikaragarriak dira. Haitiko Migratzaileentzako Jesuiten Zerbitzua (SJM) laguntza eske ari da, egunotan lehenbailehen erantzuteko, premia biziz. Gauza jakina da halako hondamendien aurrean premia biziko artikulu ez galkorrak direla beharrezkoenak". Michaud Levelt (SJ), Migratzaileentzako Jesuiten Zerbitzuko zuzendari nazionala.

Haitiko erakunde bazkideek –Foi et Joie eta Migratzaileentzako Jesuiten Zerbitzua– Larrialdi-batzorde bat sortu dute, hondamendiari eman beharreko erantzuna kudeatzeko. Alboan eta Entreculturas egoera aztertzen ari gara (betiere Xavier sarearen baitan), Haitiko biztanleei lagundu ahal izateko, batez ere egoera ahulenean daudenei, esaterako haurrei eta errefuxiatuei, gure erantzuna bi etapatan banatuta:

 

  • Larrialdiko erantzuna: arropa, elikagaiak, tresneria eta higiene-produktuak banatzea, herritarren lehen oinarrizko premiei erantzuteko.
  • Berreraikitze-lana, epe luzekoa: etxebizitza, ikastetxe eta abar berreraikitzea. 

Haitik behar gaitu beste behin ere. Alboan eta Entreculturasen beti egon gara Haitiren ondoan, baina egungo egoerak ahaleginak areagotzea eskatzen digu.

Ahal baduzu, lagundu ezazu:

Lagundu orain