Skip to main content

Erosketa arduratsua ikastetxeetan: gizarte- eta ingurumen-konpromisoaren aldeko apustua

 Erosketa arduratsua ikastetxeetan

Gure egungo bizimoduaren ezaugarrietako bat neurriz kanpoko kontsumoa da, eta ez da sartzen gure planetaren gizarte- eta ingurumen-mugetan. Errealitate horren aurrean, ezinbestekoa da kontsumo-praktikak aldatzea, kontzientea, kritikoa eta eraldatzailea izan dadin. Alde horretatik, erosketa arduratsua (EA) tresna bat da, eta aukera ematen du kontsumoaren bidez eraldatzeko.


Carlos Askunze Elizaga ekonomia sozial eta solidarioko aktibistarekin hitz egin dugu.

Zer ematen dio erosketa arduratsua kudeatzeak ikastetxe bati? 
Hasteko, kontuan hartu behar da ekonomia-eragin orok gizarte- eta ingurumen-eragina ere baduela. Eskolek egiten dituzten erosketek baliabide ugari mobilizatzen dituzte gure gizartean, eta baliabideen mobilizazio horri ematen diogun orientazioak eragin positibo edo negatiboa izan dezake ingurumen- eta gizarte-arloan.
Bestalde, koherentzia ere eman dezake; izan ere, ikastetxeen idearioek hezkuntza integrala planteatzen dute, ingurumen- eta gizarte-xedeekin. Horregatik, uste dugu hezkuntza-proiektuak ikastetxearen kudeaketarekin lerrokatu behar direla. EAk koherentzia eta osagarritasuna ematen die eskolako beste jarduera batzuei, baita balio erantsia ere, hezkuntza-komunitateari eta gertuko beste erakunde batzuei jakinaraztean mota horretako politikak ari direla jorratzen. 

Zaila da EA politika bat abian jartzea? 
Garrantzitsua da ikastetxeetako administrazio- eta erosketa-langileak sentikorrak izatea eta gai horiei buruzko informazioa edukitzea. Bide horri ekiteko erabakia hartu ondoren, gizarte- eta ingurumen-konpromiso handia duten enpresei buruzko informazioa eduki behar da, hornitzaile gisa hautatzeko. Bestalde, aplikatu nahiko lituzketen gizarte- eta ingurumen-irizpideak ere zehaztu behar dira, emakume eta gizonen arteko berdintasunarekin, lan duinarekin, legeen araberako lan-baldintzekin, kudeaketa jasangarriarekin, klima-aldaketarekin, eta abarrekin lotuta. Laburbilduz, gizarte- eta ingurumen-irizpide horiek sartu behar dituzte produktuak eta zerbitzuak hautatzeko prozesuetan. Zikloa amaitzeko, kontuan hartu behar da irizpide horiek sartzeak kalitatea ematen diola produktu edo zerbitzuari. 
Adibidez, ikastetxeek gastuei eusteko politika aplikatzen dute, baina kalitatea ere oso garrantzitsua da, teknikaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegietatik. Guk planteatzen dugu beti aplikatzea kalitate-prezio onenaren irizpidea, eta kalitatearen barruan sartzen dira alderdi teknikoak, funtzionalak eta sozialak. 


Garrantzitsua da elkarrekin eraikitzeko espazioak ahalbidetzea?
Horregatik uste dugu dela hain garrantzitsua ikastetxeen artean prestakuntza- eta lankidetza-espazioak sortzea, urriaren 25ean Alboan eta REAS Euskadirekin antolatu genuen tailerraren moduan, prozesu horiek errazteko tresna eta dokumentuak emateko. 
Lankidetzak aukera ematen digu ikastetxe askoren jardunbide egokiak partekatzeko. Nolabaiteko bidea egin duten eskolek irizpideak eman diezazkiekete abiatzeko prest dauden beste batzuei, ikasteaz eta espazio bat sortzeaz gain, geroz eta eskola gehiagok bat egiteko; azken finean, zenbat eta ikastetxe gehiagok egin EAren alde, orduan eta eragin handiagoa izango du.


Zer esango zenieke erosketa arduratsuaren alde egin nahi duen ikastetxe bateko langileei?
Esango nieke EAk ekonomia eraldatzen lagun dezakeela norabide jakin batean: bizitzaren jasangarritasuna sortzea.
Halaber, esango nieke sormena eta progresibitatea funtsezkoak direla. Helburua ez da egun batetik bestera zehaztea EA politika, baizik eta bide horri ekin nahi izatea eta aplikatzeko eta pixkanaka egiteko sormen nahikoa izatea.
 

* Laster eskuragarri izango da  ikastetxeetan erosketa arduratsu bat kudeatzeko gida, REAS, Euskadiko Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sareak   eta Alboan-ek sustatuta.