Skip to main content

Change Environment: krisi klimatikoaren eta migrazioen arteko loturak ulertzea

Change Environment

Laponiako elurraren egituraren aldaketa, Bengalako deltako uren mailaren igoera, Saheleko lehortea eta desertifikazioa, New Orleanseko urakanak, Australiako baso-suteak. Fenomeno horiek guztiak krisi klimatikoarekin lotuta daude. Egoera horiek agerian uzten digute, sakonduz gero, klima-aldaketaren ondorioek ez dietela modu berean eragiten herrialde, herri eta pertsona guztiei. Gertakari horien inpaktuaren ondorioz, biztanleria zaurgarrienek eta egokitzeko gaitasun gutxien dutenek askotan migratu egin behar izaten dute bizirik irauteko. Gainera, kasu errealak dira, eta proposamen pedagogiko honen parte dira: Change Environment
 

Egungo krisi klimatikoa azaltzen duten arrazoiak ulertzeaz gainera, ikasleek komunitate indigenen azalean jarri eta beren komunitateetan litioaren ustiapenari buruz erabaki beharko dute; hain zuzen, mineral hori gakoa da “energia-trantsizioa” deiturikoaren teknologiarako. Bestela, Laisaren larruan jarri beharko dute; Fiyi uharteetako funtzionarioa da, eta itsasoaren igoeraren ondorioz beren lurraldea galtzen ari diren komunitateen birkokatzea antolatu behar du. Aminaren lekuan ere jarri beharko dira; Senegalgo arrain-prozesadorea da, eta hiru hilabetean ezin izan du lanera joan herrian arraina falta delako. Gainera, Leonardo di Caprioren beraren azalean ere jarriko dira, Sunita Narain akademiko eta aktibista indiarrarekin solasean, Indian energia berriztagarriei edo energia-pobrezia murrizteari lehentasuna emateari buruz. Gai izango al dira gure di Caprioak beren pribilegioei eta horien ondorioei erreparatzeko proposamenak eta konponbideak planteatzean?

Izan ere, migrazio klimatikoak fenomeno konplexuak eta heterogeneoak dira, eta horien arrazoiak eta ondorioak zuzenean lotzen dira gure bizimoduekin. Hori dela eta, proposamen pedagogiko honek, bigarren hezkuntzako 14-18 urteko ikasleei zuzenduak, ikasleak lanean jartzen ditu, taldean, ikaskuntza kooperatiboko jardueretan. Hain zuzen, jarduera horietan pentsamendu kritikoaren, enpatiaren eta parte-hartzearen konpetentziak baliatu beharko dituzte.  Horrekin batera, proiektuak ikastetxeen eta ikasleen esku jartzen du ikertzaileekin, errefuxiatuekin eta migratzaileekin harreman zuzena izateko aukera, bai eta munduko beste herrialde eta eskualde batzuetako ikasleekin ere, eta klima-aldaketa arintzean eta gizarte inklusiboagoak sortzean aurrera egiteko proposamenak egiten ditu.

Change environment

Material pedagogikoa 4 etapatan egituratuta dago. Etapa bakoitzak bi fitxa didaktiko ditu, eta fitxa bakoitza eskola-ordu batean osatzeko diseinatuta dago. Hona hemen etapak:

  1. Kontzeptu nagusiak: ingurumen-aldaketaren, larrialdi klimatikoaren eta migrazioen kontzeptuak, kausak eta ondorioak ulertzeko jarduerak, ekitate-gaiak barne, arazo global eta sistemiko batean.
  2. Iritzi propioak osatzea: kasu errealak eta dilemak kontuan hartuta ikasitakoa aplikatuz eta sakonduz.
  3. Topaketa: eskuratutako ezagutzen laburpena eta horiek egiaztatzea beste testuinguru batzuetako ikasle-taldeekin trukeak eginez. 
  4. Parte-hartzea: mobilizatutako pertsona eta taldeekin harremanak izatea krisi klimatikoa lantzeko eta gizarte inklusiboagoak eraikitzeko, eta ikastetxeetan ekintzak diseinatzea eta praktikan jartzea.  

Etapa bakoitza beste batzuekin lotuta dago osorik, baina eduki eta jarduera batzuk era independentean eta malguan ere landu daitezke.  
 

Zure ikastetxeak ekimen honetan parte hartzea nahi baduzu, edo informazio gehiago behar baduzu, idatz iezaguzu educacion@alboan.org helbidera.