Skip to main content

Berdintasunaren eta bakearen ikuspegitik hezi: Berdintasunerako hezi

Berdintasunerako hezi

Fe y Alegría-Argentinaren berdintasun alorreko lana 2011n hasi zen Sustapen Sozialaren Programaren barruan. 2016an Fe y Alegríako ikastetxeetako batek, Taco Pozok (Chaco, Saltarekin mugan) esperientzia pilotu bat egin zuen lanerako trebakuntzan. Ekimena hasteko prest zeuden arren, irakasleek eta komunitateak zalantzak ere bazituzten, beldurragatik eta ezjakintasunagatik. Baina hasierako zailtasunak gainditu ondoren, hainbat gai azaleratu dira: dibertsitatea, indarkeria, sexu-heziketa integrala, heziketa emozionala.

Argentinako testuinguruan hezkidetza aipatzen denean, Bakearen Kulturaren programen barruan kokatzen dira, eta lau gune nagusi daude: maskulinitate alternatiboak, ikerketa, harreman sozioafektiboak eta curriculuma. Bakearen Kultura programaren oinarriak 2016koak diren arren, 2020an jarri zen abian, mundu osoko osasun-krisia agertu baino apur bat lehenago. Fe y Alegríako taldearen konpromiso hezitzaileaz haratago, esperientzia horrek giza konpromisoa eta konpromiso morala aipatzen dizkigu: urrats bat aurrera egin eta inguruko gehiegikeriak salatzeko behar adinako konfiantza duten pertsonei lagun egitekoa.
 

Mercedes Alicia Alarcón, Bakearen Kultura programako arduraduna, CorrientesekoI.P.A.A. N° 1 eta I. P. 54 Fe y Alegría-Argentina ikastetxeetan.
 

Alicia Alarcón

Nola jarri zen abian Bakearen Kultura proiektua?
2019 an talde bat eratu zen Argentinan Bakearen Kultura proiekturako eta talde horren barruanbeste bi talde daude: Prebentzioa eta generoa eta Gazteak, hezkuntza inklusiboaren gaiak jorratzen dituena.
Prebentzio eta genero taldea mailaka prestatzen da ikastetxeetan. Talde horietan borondatez sartzen da. Kezkak jasotzen dira eta erresistentziak, zalantzak, estereotipoak hitzez adierazten saiatzen dira. Pandemiaren ondorioz, lan hori birtualki garatu zen. Ikastetxeko taldeak eratu ziren eta ikastetxe bakoitzean horiek finkatzea nahi dugu. 
 

Zer laguntza jasotzen dute taldeek lanean hasteko?
Hasteko, trebakuntza eskaintzen zaie irakasleei nahiz ikasleei. Egunerokoan tokatzen zaizkien gaiez hausnartzeko aukera dute gazteek gune horietan. Adibidez, maskulinitatearen gaia lantzen jarraituko dute. Erresistentzia handiagoa ikusi dugu gai horretan. A25erako, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna, hitzaldi bat antolatu zen bigarren hezkuntzako gazteekin eta irakasleekin. Hasierako joera aitzakiak jartzea izan zen, baina azkenean egin zen jarduera eta parte hartu zuen jendeak. Emaitzarekin gustura gaude.

Nolakoa izan da zuen ikastetxeko esperientzia?
Corrienteseko ikastetxean 5 heziketa-ziklo daude: haur-hezkuntza, lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, batxilergoa eta lanbide-heziketa. Maila horietako bakoitzean dago prebentzio eta genero talde bat, adin-tarte bakoitzaren errealitateak, ezaugarriak eta beharrak kontuan izateko.  Talde horrek artikulatuta egiten du lan eskola-ibilbideen eta espiritualitatearen taldeekin, eta maila bakoitzeko irakasleekin bilerak egiten dituzte autodiagnostikoa egin eta ziklo bakoitzeko arazoak ziren diren hauteman eta ekintza-lerroak abian jartzeko. Lan hori bereziki garrantzitsua izan da pandemia hasi zenetik, etxeetako indarkeria- eta gehiegikeria-egoerak hautemateko balio izan baitu. Pandemiaren lehenengo 12 hilabeteak oso zailak izan ziren, maila bakoitzeko WhatsApp taldeen bidez baino ez baikeneukan harremanik. Eta askotan telefono bakarra zegoen familia osoarentzat. 2021. urtearen hasieran itzuli gara geletara, burbuila-taldeen bidez, eta txandaka etorri dira eskolara, asteka, nahiz eta kasu positiboek gora egindakoan eten egiten zen.  Argentinan duela gutxi hasi gara eskola guztiak erabat aurrez aurrekoak izaten, 2021eko abuztuan. 

Ikusi izan dugunez, pandemia-garaian tentsio-egoerak egon dira eta gazte askok eskoletara itzuli nahi zuen. Neskatoek etxeko lan ugari egin behar izan dute eta gehiegikeria-egoerak ere hauteman dira; beraz, erraza da ulertzea zergatik itzuli nahi duten eskoletara. Neska gazteen artean gehiegikeriak egoten dira eta intzestua ere bai etxeko gizonezko heldu, tutore, osaba edo lehengusuen partetik. Bakearen Kulturan parte hartzen duten neskek konfiantza hartzen dutenean, irakasleei kontatzen diete gertatzen zaiena eta orduan has gaitezke lanean, laguntza pertsonala eskain dezakegu eta esku-hartze legala ere bai. 
 

Nerabezaroko amatasunetan ere lagun egiten dugu. Horrelakoetan, haurdunaldian eta ondoren ikasketekin jarraitzea izaten da erronka.


Zer nabarmenduko zenuke partekatuko esperientzia horretatik?
Erresistentzia egon arren, jendea ireki egin da eta hitz egin du. Orain izena jartzen diote beldurrari, zalantzari. Pazientzia izan behar dugu, baina fruituak ikusten ari gara. Irakasleek bat egin dute proposamenarekin, baina prozesu eta atxikimendu pertsonalak dira, eta aldatu beharreko egiturak azaleratzen ari dira pixkanaka.