Skip to main content

Uraren garrasia entzun zen Hermano Oroz argazki-lehiaketan

Uraren garrasia

Joan den martxoaren 22an, Uraren Mundu Egunaren ospakizunarekin batera, Deusto Campusek antolatutako XXIV. Hermano Oroz Argazki Lehiaketan parte hartzeko gonbit egin genizuen. Deialdi arrakastatsua izan da, eta 150 parte hartzaile baino gehiago bildu ditu, bi kategoriatan banatuta: gazteak eta helduak.


Alboanen, 4. DBHko eta Batxilergoko ikasleak parte hartzera gonbidatzea egokitu zitzaigun, eta erantzuna ezin hobea izan zen. Orotara, 80 pertsonak baino gehiagok bidali zizkiguten argazkiak, hala zuri-beltzeko nola koloretako argazkien kategorietarako.

Zuri-beltzeko kategoriaren irabazlea Ur tanta izan zen, Durangoko Jesuitak ikastetxeko Pablo García Antxiarena, eta finalista Izenbururik gabeko irudi bat, Gasteizko Jon Ruízena. Koloretako modalitatean, Ibarrekolanda Institutuko Martina Rodríguezek jaso zuen lehen saria, El planeta se ahoga argazkiarekin; bigarren saria, berriz, El agua siempre encuentra su camino irudiak lortu zuen, Indautxuko Jesuitak ikastetxeko Uxue Diegok bidalitakoa.
 

El planeta se ahoga

Flickr-eko argazki-galerian edo Deustuko Unibertsitatearen Bilboko eta Donostiako campusetako klaustroetan ikus ditzakezue argazki guztiak.

Lehiaketa URA 20-21 ekimenaren barruan kokatzen da. Lankidetzarako gune horren bitartez, tailerrak, jardunaldiak eta mobilizazio-ekintzak sustatu nahi dituzte Alboanek, AQUADAT start up enpresak eta Deustuko Unibertsitateak, Nazio Batuen Garapen Jasangarriko 6. Helburuan: Ura eta saneamendua pertsona guztientzat, 2030 baino lehenago,  planteatutako xedeak lortzen laguntze aldera.

URA 20-21 ekimena 2020ko urrian jarri zen martxan, sentikortzeko zenbait jarduera proposatuta, ikasleek, hezkuntza-komunitateak eta gizarteak, oro har, aintzat har dezaten zein garrantzitsua den ura ongi erabiltzea, zer inpaktu duen gizartean eta ingurumenean, eta arazo horri aurre egiteko esku hartu dezaten, abaguneak identifikatuz eta ekimenak sortuz.

Tantaz tanta, agortu egiten da ura. Egin bat URA 2021ekin eta parte hartu aldaketan!

#urarengarrasia #GJH6