Skip to main content

Maskulinitateen eraikuntzaz hausnartzen: urratsak egiten jarraitzen dugu

Maskulinitateen eraikuntzaz hausnartzen: urratsak egiten jarraitzen dugu

Duela hamarkada batetik Alboanen egiten dugun hezkidetza lanean maskulinitateak eraikitzeari buruzko prestakuntza-prozesuak egin ditugu azken urteetan. Hausnarketatik eta sarean lana egitetik argi ikusi da beharrezkoa dela gaiari heltzea eta guneak sortzea maskulinitatea eraikitzeko modua eta maskulinitatearen oinarriak aztertzeko, zalantzan jartzeko eta berriro pentsatzeko. 

Gune horiek eskaintzeko asmoz, Alboanen gizarteko eragileekin batera (EGK-Euskadiko Gazte Kontseilua, Ellacuría Fundazioa, Gizonduz), eta Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantzazioari esker, 2022ko azken seihilekoan bi prozesu garatu ditugu: maskulinitateen eraikuntzari buruzko prestakuntza-ziklo bat eta maskulinitate toxiko hegemonikoen aukerei buruzko kezkak dituzten mutil gazteen talde bat.
 

  1. Hezitzaileentzako prestakuntza-zikloa: guztira 4 prestakuntza-saio egin dira eta maskulinitateen eraikuntza jorratu da gai desberdinak landuz: kulturartekotasuna, aniztasun sexuala, arriskuzko jokabideak eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa. Gai honetan ibilbide luzea duten hizlariak eta taldeak izan ditugu zeregin horretan: Hiruki Larroxa, Matiz, Gizonduz eta Miguel Angel Arconada. Interes handia sortu duenez (saio guztietan gehieneko edukiera bete da -20 pertson- eta itxaron-zerrenda egon da), lan-ildo hau sakontzen jarraitu beharra dagoela uste dugu. 
  2. Prestakuntza- eta hausnarketa-prozesua mutil gazteekin (ez mistoa): Ellacuría Fundazioko Gaztelduak taldeko 4 mutil gazterekin lanean aritu gara Gizonduz-en lankidetzarekin eta indarkeria matxistak, zaintza eta erantzunkidetasuna, sexualitatea eta emozioak eta beste zenbait gai landu dira. Prozesua ixteko, mutil horiek bideo hau egin zuten A-25erako, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunerako.

 

Proposamen hauetan oraindik ere gizon gutxik parte hartzen duten arren, maskulinitate tradizionalaren ordezko planteamenduak eraikitzen eta aurrera egiten jarraitzeko interes handia izaten dute partaideek, dituzten pribilegioak zalantzan jartzen dituzte eta berdintasunaren eraikuntzan duten zereginaz hausnartzen dute. 

Alboanen uste dugu horrelako proposamenek ahalmen eraldatzaile handia dutela eta oraindik badauden erresistentziak txikitzen laguntzen dutela; era berean, lagungarriak dira genero-berdintasuna egongo den mundu bidezkoago bat eraikitzeko prozesuetan gizonak sartzeko. 2023ko lehen hiruhilekoan hezkidetzari buruzko gai honi eta beste batzuei buruz hausnartzeko aukera izango dugu honako ziklo honetan: Hezkidetza da bide bakarra, urtarrilaren 17an hasiko da.