Skip to main content

Kontzientzia sozioanbientala zentzumenen bidez

Horrelakoa izan zen Donostiako Edukalboan Jardunaldia

Kontzientzia sozioanbientala zentzumenen bidez
Kontzientzia sozioanbientala zentzumenen bidez

Aurten, Alboaneko Hezkuntza Formaleko taldeak oso modu berezian ospatu nahi izan du Ingurumenaren Nazioarteko Eguna. Hori dela eta, "Kontzientzia sozioanbientala zentzumenen bidez" lelopean Donostian egin zen "Hiritartasun globala ikasgeletan" jardunaldira gurekin etortzeko deia egiten diegu irakasleei.

Oso hitzordu berezia izan zen, non Cristina Enea fundazioak - Edukalboan taldearen kolaboratzaile eta "lagunak" - bere ateak ireki zizkigun eta espazio pribilegiatu bat utzi zigun bere egoitzan, Donostiako bihotzean.

Goiza "Baso Bainuan" murgilduz hasi zen, naturarekin topo egiteko, eguneroko erritmo frenetikoa gelditzeko eta bizi-arnasa eta pultsua berreskuratzeko esperientzia sentsoriala. Violeta Torán izan zen gure gida bidaia iradokitzaile honetan.

Ondoren, Donostiako La Anunciata ikastetxeko ikasleek prestatutako manifestu bat irakurri genuen. Eguneko programazioan aurreikusita ez bazegoen ere, bidean geldialdi bat egitea merezi izan zuen, zalantzarik gabe. Talde honek Busturiako ingurugelan antolatutako CONFIT-Euskadin parte hartu zuen, eta Ingurumenaren Nazioarteko Eguna zela eta bertan prestatu zuten manifestua Kristina Eneako ateetan irakurri zuten. Plazer bat izan zen jende gaztea eta justizia ekosozialaren kausarekin konprometitua entzutea, eta apurka-apurka landatzen diren hazi guztiek beren fruitua ematen ari diren adierazle argia.

Ondoren, Cristina Eneako beste bi kidek, Oihana Orkolagak eta Uxua Aranak, erakunde honek bisitatzen dituzten ikastetxeei eskaintzen dien ingurumen-proposamen didaktikoa aurkeztu ziguten. Alboan, Katxiporreta eta inguremen heziketan aritzen diren irakasleek elkarlanean egindako "Ez gara jaitsiko " ibilbide didaktikoa hurbilagotik ezagutzeko gune bati hasiera eman zion.

Haur Hezkuntzari eta Lehen Hezkuntzako 1. zikloari zuzendutako ibilbide hau erakundeen arteko konpromisoaren eta lankidetzaren emaitza da, eta begirada lokalaren eta globalaren arteko lotura eskaintzen du. Gure inguruko zuhaitzetara igotzera gonbidatzen gaitu, ezagutu eta ezagutzeko, eta handik sinbolikoki Amazoniaraino bidaiatzeko: gure etxeetatik milaka kilometrora dagoen munduko "basorik" handiena, baina pertsonak elkar komunikatzen diren sustraiak garela gogorarazten diguna, hartzen eta babesten gaituen ekosistema sortzeko eta eusteko.

Ibilbide honen sorrera nola bizi izan zuen partekatu zuen Edurne Ugartek, Amazonia eta Euskal Herriko basoek elkarri eskua eman eta elkar ezagutzen duten bidaian. Bidaia horretan, zuhaitzetara igotzera eta horizontetik harago begiratzera gonbidatzen dituzte haurrak.

Eguna amaitzeko, Libe Narvarte lankideak ortzadar bat egitera gonbidatu gintuen, non kolore bakoitzak elementu bat irudikatzen zuen: landareak, zerua, ur-sistema, lurra eta elikadura, zaintzak, eguzkia eta energia eta emozioak.

Azkenik, Jose Mari Agirretxek, Katxiporreta ordezkatuz lagundu zigunak, alde egin behar izan zuen Porrotxi bere lekua uzteko, hark gogorarazi zigulako Amazonia bizitza bezalakoa dela: aniztasunez, naturaz, kulturaz, hizkuntzez eta kolorez egina dago.

Azken finean, airea hartzeko eta naturarekin bat eginda sentitzeko eguna izan zen.