Skip to main content

Kongoko emakumeak, mugetatik harago

Justine Masika Nafarroako eskola bateko topaketa batean

Otsailaren bigarren hamabostaldian, Justine Masika etorri zaigu bisitan, Synergie des Femmes pour les Victimes des Violences Sexuelles sarearen presidentea eta sortzailea. Sexu indarkeria sufritu duten emakumeak defendatzeko lan egiten duten erakundez osatutako sare bat da. Masika Iruñean egon dela aprobetxatuz, eta Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duen Más allá de las fronteras-Mugetatik haratago proposamenaren esparruan, zenbait jarduera egin ditugu migratzaileen eta errefuxiatuen inguruko errealitateari buruz sentikortzen jarraitzeko, bereziki, emakumeen eta neskatoen kasuan.

Justine Masika

Justine Masika Nafarroako bost ikastetxetako ikasleekin bildu da.  Bilera horiek oso interesgarriak izan dira; izan ere, ikasleek aldez aurretik gelan landuta zuten Kongoko indarkeriaren inguruko errealitatea: baliabide naturalen ustiapenarekin duen lotura, gure teknologia-kontsumoarekin duen lotura, horrek guztiak behartzen dituen lekualdaketak eta, bereziki, emakumeek bizi duten indarkeria.

Eragin politikorako garaia ere izan da, eta Justine Masikak ez du zalantzarik egin foru komunitateko ordezkari politikoei emakumeek Kongoko Errepublika Demokratikoko Kivu iparraldean bizi duten errealitatearen berri emateko. Otsailaren 18an, Ana Ollorekin, Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariarekin, bildu zen Masika Nafarroako Jauregian, eta hark arretaz eta interesez entzun zuen Synergie des Femmes sareak Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean egiten duen lanari buruz.  

Gainera, Nafarroako Parlamentuko Nazioarteko Bizikidetzaren eta Elkartasunaren Batzordearen lan-saioan parte hartu ahal izan genuen ALBOANek eta Justinek. ALBOANen Emakumeok Martxan programa aurkeztu zen bi espazio horietan. Hain zuzen ere, programa horretan parte hartzen ari da SFVS.

Azkenik, otsailaren 19an, herritarrei zabaldutako hitzaldi bat antolatu zuen ALBOANek, Afrikako zortzi herrialdetan aurrera daraman Emakumeok Martxan programa aurkezteko. Afrikan migrazioaren, lekualdaketaren edo babes-eskearen testuinguruetan indarkeria bizi duten edo bizi izan duten emakumeei laguntza ematea da programaren asmoa. Besteak beste, parte hartzaile hauek bildu zituen hitzaldi eta mahai-inguruak: Idoia Artadill, Onda Cero-ko zuzendaria; Amparo Tomé, genero eta hezkidetza gaietan espezializatutako hezkuntza soziologoa; María del Mar Magallón, ALBOANeko zuzendaria; eta Justine Masika.


Jarduerez eta ikasketez betetako egunak izan dira, eta indarra eta ilusioa utzi digute zuen ikastetxeekin lanean jarraitzeko eta beste errealitate batzuk ezagutarazteko: mapan hain urrun geratu arren, gure bizimoduek hango komunitateetan dituzten inpaktuengatik hain hurbilak diren errealitateak.