Skip to main content

Harrera eta hospitalitate esperientzien elkartrukea: Latinoamerika eta Euskadi eskutik

Harrera eta hospitalitate esperientzien elkartrukea

Alboanen 25. urteurrenaren esparruan –urte hauetan mundua bidezkoagoa sinesten eta sortzen– elkarri harrera bizipenen berri emateko topaketa bat egin zen joan den larunbatean, urriak 23, Bilbon. Elkar aurkitzeko eta esperientziak trukatzeko lekua utzi zen. Topaketan zenbait erakundek hartu zuten parte: Alboanen Gazte Sarea, Loiolaetxea Elkartea, Errefuxiatuentzako Latinoamerikako Zerbitzu Jesuita (JRS-LAC), Torre de Babel eta Ellacuría Fundazioa

Alex Leonardo H. Gazte Sareako begiraleak topaketa nola bizi zuen kontatu digu: 
“Gune benetan aberasgarria izan zen. Topaketa egokitu egin zen, hala Euskadiko nola Latinoamerikako esperientziak entzuteko aukera izan genezan. Askotariko esperientzien errealitateak, eta guztietan mundu justuago eta errukitsuago baten alde egiten da apustu, garrantzitsuena “pertsonak” izanik. Eta gure abegia eta harrera guztientzat izan dadin, desberdintasunik egin gabe.
Esperientzia bakoitzak era askotako proposamenak lantzen ditu, baina gizartearen gaineko eragina ikaragarria da benetan. Gazte zein helduz osatutako gune hori lagungarria baita ideia hau indartu eta berresteko: guztiok garrantzitsuak garela maitasunaren zibilizazioa eraikitzeko, elkarrekin indartsuagoak garela”. 

Bestalde, JRS taldeko kideek (Rosenrry Yolimar Villegas, Linda Fernanda Lara, Cristofer Antonio, Angie Paola Angulo eta Marlene Lucía López Vega) hau azaldu ziguten: 
“Trukerako esperientziari esker, gureaz bestelakoak diren errealitateetara irekitzeko prozesu bat egin dugu. Migrazio prozesu batzuk ezagutu ditugu, Latinoamerikan ezagutzen direnen aldean desberdinak direnak, baina berdin-berdin kalteberatasun egoerak sortzen dituztenak. Gazte Sareko gazteekin truke esperientzia egin aurretik, uste genuen Latinoamerikako esperientziak izango zirela bortitzenak. Hala ere, bi errealitateen artean zenbait lotura kokatu ditugu, azkenean argi uzten dutenak zaurgarria dela migratzea eta harrera lekuetan atzerritarra izatea.

Gainera, esperientzia honek begirada zabaltzeko eta harrera, bake eta integrazio guneak sortzeko aukera ematen du. Izan ere, eguneroko jardunetik abiatuta, ikusi dugu giza mugikortasuneko egoeran dauden gazteenei laguntzeko sare sozialak ehundu ahal izan direla.
Bestalde, azpimarratu nahi dugu zer-nolako indarra dakarten errealitateak sustatzen eta eraldatzen dituzten talde sozialak, bidea urratuz harrera egiteko aukerak zabaltzen dituztenak. Nabarmendu nahi ditugu, orobat, harrera sareak eta erakunde sozialen eta gizarte zibilaren arteko lotura, konfiantza eta laguntza emozional zein materialerako espazio bihurtzen baitira harreran laguntzen duten pertsonentzat. Ildo horretan, ikusi dugu garrantzitsua dela mugak zeharkatzea, baita gure eguneroko errealitate, kokagune eta lanetatik, gazte garen aldetik, zeren ohartu eta ohartarazi behar baitugu ezinbestekoa dela bestelako etorkizun bat eraikitzea: desberdina, baina, batez ere, justuagoa eta inklusiboagoa".