Skip to main content

Gazte Sarea Amazoniaren aldeko hurrengo topaketa prestatzen ari da

Gazte Sarearen Topaketa Cristina Enean

Datorren apirilaren 2an eta 3an, Loiolan, Alboanen Gazte Sareak IX. topaketa egingo du “Amazonia defendatu: ekintza kolektibo eta tokiko ekintzaren aldeko gazteak” lelopean. Aurten ere, topaketa begiraleen taldeak dinamizatuko du, hau da, beste gazte batzuentzat ikasteko eta hausnartzeko guneak proposatzeko ikasturtean zehar prestakuntza jasotzen duten 18 eta 25 urte bitarteko gazte boluntarioen taldeak. Hona hemen taldean sartu berri den Laura Juaperen testigantza:

“Urtarrilaren 26an Ingurumen Hezkuntzaren Mundu Eguna ospatu zen. 
Egun horren helburua da, batetik, biztanleak ingurumenari buruz kontzientziaraztea eta, bestetik, dauden arazoak konpontzeko eta etorkizunekoak ekiditeko irtenbideak bilatzea. Ama Lur bakarra dugula gogorarazteko eguna da, zaindu eta babestu egin behar dugula. Hori bat dator Gazte Sarearen aurtengo topaketarekin; izan ere, gai nagusia Amazonia eta naturaren zaintza da.

Urtarrilaren 29an, bisita gidatua izan genuen Donostiako Cristina Enea parkean zehar.
Eta, bertan, naturarekin bat egin eta haren jakinduria sentitu ahal izan genuen. Horren gain, parkearen irudi magikoa era jaso genuen. Gainera, parkera egindako bisitan lagun izan genuen arduradun Oihanak hainbat ideia eman zizkigun topaketarako. Inspirazio-iturri izan zen guretzat, informazio asko eman eta ekintza asko egin baikenituen.

Bisitaldian, Gazte Sareak mundua eraldatzeko duen indarra eta gogoa sentitu ahal izan dut. Aurtengoa da sarean parte hartzen dudan lehen urtea, eta orain kide naizen familia handi honen ilusio eta ahalduntzea ikusi ahal izan ditut.

Nire ustez, batasunak indarra ematen du, eta, zalantzarik gabe, gazteen sare horrek badaki zer den taldean lan egitea gizartea apurka-apurka aldatzea lortzeko. Horrez gain, giro ona eta barreak ez dira falta bilera eta irteeretan. Esan behar dut ohore handia dela marea laranja horretako kide izatea; izan ere, gogor ari da zapaltzen munduaren eraldaketan parte hartzeko jartzen duten maitasunari eta egiten duten ahaleginari esker."