Skip to main content

Eskerrik asko Edukalboan komunitateko kide izateagatik!

Comunidad Edukalboan en Pamplona

Zenbait egun igaro dira "VI. Edukalboan Jardunaldiak. Eraldatzeko hezi" biltzarra egin zenetik, eta eskerrak eman nahi dizkizuegu hitzordu horretarako gonbidapena onartu zenuten guztioi. Duela sei urte ekin genion Edukalboan den abentura honi, eta denboran zehar ikaskuntza ugari partekatu ditugu. Gizarte bidezkoagoa eraikitzeko konpromisoa duten hezitzaileen sarea bihurtzeko asmoz jaio zen Edukalboan, eta orain hori baino gehiago izateko ametsa du. Hezkuntza formalaren, gizarte-hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren bidez gizartea eraldatzen eta herritartasun globala eraikitzen laguntzen duen komunitatea bihurtzea da gure ametsa, eta ziur gaude beharrezko babesak ditugula, bidean gurekin zatozten horiei esker.


Aurten Edukalboan jardunaldien formatua aldatzea erabaki genuen. Aurreko urteetan ALBOAN Gazte Sarearekin batera egiten zen deialdia, eta aurten bi hitzordu antolatzea aukeratu genuen: bata Bilbon, irailaren 28an, eta bestea Iruñean, urriaren 5ean.  Bi deialdien funtsa eta gai nagusiak berberak ziren –hezkidetza, kulturartekotasuna eta hezkuntza ekosoziala–, baina haietako bakoitzak bere programazioa zuen. Bagenekien beharbada gure kalterako izan zitekeela bi hitzordu antolatzea, baina hala joan-etorriak errazago egingo zenituztela iruditu zitzaigun, eta beste behin ere, erantzun diozue deialdiari. 


Bilbon, Óscar Jararekin eman genion hasiera goizari; erreferente ukaezina da herri-hezkuntzaren arloan eta 30 urteko ibilbide luzea du egina gizarte-prozesuak sustatzen. Hezkuntza eraldatzaileari buruz pentsatzean bururatzen zitzaigun lehen hitza esatera gonbidatu gintuen, eta konpromisoa, duintasuna, justizia, berrikuntza, itxaropena eta poza aipatu ziren beste hitz batzuen artean.


Iruñean, aniztasunaren errealitatea ezagutu behar dela eta hartara irekita egon behar dugula adierazi zuen Amelia Barquín Filologia doktore, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzietako Fakultateko irakasle eta kulturarteko hezkuntza eta hezkidetzako adituak. Gaineratu zuenez, irakasle garen heinean, harrerak dakarren erronka handiari heltzeko prestakuntza behar dugula eta gure jarrerak landu behar ditugula planteatu behar diogu gure buruari. Aniztasun kulturalaren inguruko gaiekin batera, ikasleen arteko desberdintasun ekonomikoak landu behar ditugula azpimarratu zuen.
 

Evaluación jormadas

ALBOANek ekitaldian parte hartu izana eskertu nahi dizue; izan ere, elkarrekin gehiago gara eta zuen presentziari esker hezitzaile eraldatzaile gisa hazten jarrai dezakegu. Gainera, egun hauetan ikasi dugun guztia ere eskertu nahi dizuegu. Otsagabiako eskola, Indautxuko Jesuiten eskola Bilbon, Madrilgo FUHEM eskola ekosozialak, Iturrama BHI Iruñean eta "Mugetatik Haratago – Más allá de las fronteras": esperientzia horiek guztiek gure bidea argitzen dute eta bakarrik ez gaudela gogorarazten digute; esperientzia hezigarri eraldatzaileak errealitate bat direla, eta gai direla herritartasun global, kritiko, arduratsu eta konprometitua sustatzeko behar den indarra transmititzeko, poleak izango balira bezala.


Mila esker zuen konfiantzagatik eta konpromisoagatik.

 “Jende txiki asko, leku txiki askotan, gauza txikiak egiten, mundua alda dezake” Eduardo Galeano