Eragile Moreak: gazteak betaurreko moreekin munduari begira
Ikasturte honetan, Alboan zenbait ekintza ari da eramaten aurrera gazteekin, aisialdiko hezkidetzaren esparruan. Lan-ildo horren garapenean, hausnarketa-prozesu bat ari da egiten genero-rolei eta -estereotipoei buruz Barakaldoko Giltzarri aisialdi-taldeko gazte eta nerabeekin.
Ekimenari aurreko martxoaren 30ean ekin zitzaion, Barakaldoko Clara Campoamor Zentro Zibikoan. Han, “Estereotipoak komunikabideetan” tailerrean Pikara-Magazin-eko Mª Angeles Fernándezek agertutako zenbait auzi entzun ahal izan zituzten gazteek. Aurkezpenean, aztertu zuten zer rol ematen zaizkien komunikabideetan emakumeei emakume izate hutsagatik; hain zuzen ere, haien ibilbide profesionalarekin, janzkerarekin, harreman sozialekin eta abarrekin lotutako informazioari zer tratamendu ematen zaion landu zuen. Eztabaidan, gazteek askotan aipatu zuten emakumeek bideo-jokoetan duten rola. Kontuan hartu behar da aisialdiko tresna horretan denbora asko ematen dutela neska-mutilek: denbora pertsonal asko eta bakarka ikasteko denbora asko.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako proiektu honetan garrantzi handikoa da hori; izan ere, prozesuko helburuetako bat da bertan parte hartzen duten neska-mutilek beren hausnarketekin ekarpen bat egitea, Alboan lantzen ari den bideo-joko baten narratiba eraikitzeko. Hain zuzen ere, bideo-joko horren helburua izango da hausnarraraztea eta aldaketarako proposamenak eragitea, gure gizartean dauden genero-rolei eta -estereotipoei buruz.
Datozen hilabeteetan, prozesu horren harira Eragile Moreak gazte-taldeak egindako hausnarketak, ideiak eta proposamenak gehituz joango dira. Komunikabideen auziaz gain, beste gai batzuk ere landuz joan dira prozesu horretan, hala nola maitasun erromantikoaren eraikuntza eta emakumeen jakintzetan ezkutatzen den zientzia (azken horri buruz hitz egin dugu jada lehenago).
Alboanek hezkidetzarekiko duen konpromisoaren ondorioz sortu da lanerako proposamen hau, eta hori lantzearekin batera, beste prozesu bat ere ari da egiten aldi berean: aisialdi taldeetan hezkidetzaren autoebaluazioa egiteko baliabide metodologiko bat eraikitzea (hori ere jasota dago proiektuan proposatutako jardueren esparruan).