Emakumeen jakintzetan ezkutatzen den zientzia
Ba al dakizu Felisa Martín Bravo nor den? Estatuan Fisikako doktoretza lortu zuen lehenengo emakumea izan zen, eta fenomeno klimatikoei buruz ikertu zuen. Ziurrenik, askok ez duzue inoiz entzun ere haren izena, historiak ezabatu egin duelako, beste hainbat bezala. Otsailaren 11 Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Eguna da. Historian zehar, maiz, emakumeak eta zientzia erlazionatu ez diren bi kontzeptu izan direla gogorarazten digun egun bat da.
Oraindik ere, bi alderditan ikusezin bihurtzen ditugu emakumeak (erreferenteak falta direlako eta haien jakintzak zientzia gisa onartu ez direlako); ondorioz, ia-ia ez ditugu ezagutzen emakume zientzialariak, eta ikuspuntu androzentrikotik soilik onartzen da zientzia kontzeptua.
Aurreko abenduan, Sorkinek dinamizatutako lan-saio batean parte hartzeko aukera izan genuen, hezkuntzako aisialdi librean hezkidetzako analisirako tresna bat sortzeko prozesuaren esparruan. Alboan, Indautxuko Eskautak, Giltzarri eta EGK taldeekin batera ari da prozesu horretan. Saioaren helburu nagusia lanerako oinarria ezagutzea zen: bizitza erdigunean jartzen duten jakintzen esanahia birplanteatzea, hezkuntza ez-formalaren eremuan lantzeko tresna gisa. |
Horrela, bizipenetan oinarritutako metodologia baten bitartez, egungo zientzia auzitan jarri eta gure ikuspegia zabaltzen dugu, zientzia egin (eta egiten) duten askotariko emakumeak ikusaraziz, eta balioa emanez haien lorpenei, jardunbideei bizitza sostengatzeko lanei, eta gure gizartean betetzen duten lekuari.
Alboanen urteak daramatzagu ikastetxe, familia eta gizarte-erakundeekin elkarlanean, hezkidetza ez dadin izan egun jakin batzuetan gogoratzen dugun anekdota hutsa, baizik eta hezkuntza eraldatzailea eta konprometitua ulertzeko modu bat.