Skip to main content

Mugetatik haratago, más allá de las fronteras: 2018-2019 edizio berria

Mugetatik haratago, más allá de las fronteras: 2018-2019 edizio berria

Dagoeneko irekita dago Mugetatik Haratago proposamenean 18/19 ikasturterako izena emateko epea. Zure hezkuntza-zentroa errefuxiatuen eskubideen alde mobilizatzea nahi baduzu, behar dituzun elementu guztiak biltzen ditu guk aurkezten dizugun proposamenak: irakasleentzako prestakuntza, ikasgelarako gida didaktikoa, hiru eguneko egonaldia Loiolan ikasleentzat, eta zenbait jarduera, proiektuak zentro osoan izan dezan eragina. Gainera, ALBOANen laguntza izango duzu prozesu osoan zehar. Deskarga ezazu liburuxka > Idatzi educacion@alboan.org helbidera, izen-ematea kudeatzeko eta data gordetzeko. Bestalde, hezkuntza ez-formalean aritzen bazara edo pertsona helduekin lan egiten baduzu, asteburuko proposamen bat ere badugu. Xehetasunen berri jakin nahi baduzu, idatz iezaguzu. Mugetatik haratago lehenengo pertsonan Orain, Iruñeko Jesusen Alabak ikastetxeko DBHko 1. mailako ikasle-talde batek bizi izandako esperientzia aurkezten dizuegu. 2017-2018 edizioan parte hartu dute, eta esperientzia bizi aurretik eta ondoren egindako lana bildu dute. Sekulako lana da, eta ikasleen beren hitzetan helarazten dizuegu nola bizi izan duten:   Mugetatik Haratago Más allá de las fronteras egitasmoan parte hartu dugu. Modu aktiboan lan egin dugu, oso modu aktiboan, dinamika, esperientzia eta gynkanen bidez. Errefuxiatuen eta migratzaileen lekuan jarri gara: lehenengo pertsonan bizi izan ditugu ihesaldian, muga-kontroletan, hesi eta hormetan, barneratze-zentroetan, lege-tramiteetan eta abar jasaten dituzten arrisku, beldur, zailtasun eta bidegabekeriak. Bizitza duin bat lortzeko ahaleginean, integratzeko zailtasunak ere jasaten dituzte. Esperientzia honen ondoren, askoz hobeto ulertzen eta sentitzen ditugu errefuxiatuek eta migratzaileek mundu osoan jasaten dituzten arazo eta zailtasunak. Zalantzarik gabe, merezi izan du. Gogoetarako, dinamiketarako, otoitzerako, konpromisoetarako eta abarretarako ere eduki dugu denbora. Eta noski, inguru zoragarri batean, elkarbizitzarako eta gauzak partekatzeko, jolaserako, ospatzeko eta lotarako ere eduki dugu denbora! Laburbilduz, gure ikuspegi kritikoa zabaltzeko eta gure elkartasun-kontzientzia sendotzeko denbora izan dugu. Intentsitate handiko hiru egun izan dira, emozio eta sentimenduz beteak.