Pertsonen kontrako minak

Azalpena
Imajina dezakegu zuen burua minez jositako leku batean bizitzen? Edota nola sentituko ginateke errefuxiatuak izango bagina eta minaz jositako lekua zeharkatu beharko bagenu? Minaz jositako toki batean bizitzeari zer nolako eragozpenak aurkitzen dizkiogu? Ondorengo jardueran, zatika, galdera hauen inguruan gogoeta proposatzen da.
1. zatia: Klasea bi taldetan banatzen da, taldeak gaindiezina den lerro batek banatuko ditu, eta bi taldeei egunkari zahar piloa ematen zaie. Minutu batean, talde bakoitzak ahalik eta paperezko bola gehien prestatu behar ditu. Bola hauek gertatzear dagoen gerraren munizioa izango dira. Minutua igaro ondoren, bola-gerrari ekiteko seinalea egiten da. Gerrak 5 eta 10 minutu bitartean iraungo du. Taldeek oraindik amorruz borrokatzen dihardutenean, gerra bukatu dela jakinaraziko zaie bi taldeei. Bi taldeek dena dagoen bezala utziko dute, eta bataila honetatik indarberritzen diren bitartean, irakasleak “bataila-eremuaren” egoeraz (nahas-mahasia, suntsiketa,...) ohartaraziko ditu.
Bi taldeek, gerran zehar, zer esan diote elkarri? Nori oihu egin diote gehien? Zer sentitzen zuten haiei oihu egiten ziotenean? Inoiz norbait gaizki sentitu al da? Zein ondorio dute benetako gerrek jendearengan eta ingurugiroan?
2. zatia: Oraingoan, “bataila-eremua” minaz josita dagoen toki bat izango da. Paperezko bolek minatuta dagoen eremua itxuratuko dute. Talde bakoitza bere herritik alde egin behar duen errefuxiatu-taldea izango da eta eremuaren txoko batean kokatuko da. Banaka edo bikoteka, eta begiak estalirik, partaide guztiek eremua minarik zapaldu gabe zeharkatu beharko dute. Mina bat zapaltzen badute, txingoka jarraituko dute. Bi mina zapaltzen badituzte, jokotik kanporatuko zaie.
3. zatia: Jarduera honekin amaitzeko eta gogoetarako fitxa 1.1.-ean proposatutako galderak landu daitezke.
Gaitasunak
- 1 - Hizkuntza-gaitasuna
- 2 - Gizarterako eta herritarren eskumena