Martxan da ALBOANen Gazte Sarea!!
Otsaileko lehenengo asteburuan, ALBOANen Gazte Sareko begiraleen topaketa izan zen. 11 gaztek osatzen dute taldea, eta hurrengo topaketa, martxoaren 29koa, prestatzeko elkartu ziren, bi egunez. Ilusio eta indar handiz aritu ziren lanean sarearen 7. topaketa prestatzen.
Elenka Méndezi eskatu diogu zuzenean kontatzeko nolakoak izan ziren bi egunak:
"Donostiarrek beste edozein larunbati bezala eman zioten hasiera otsailaren 1ari. Baina ez zekiten Gazte Sareko begirale taldea Donostiako egoitzan zegoenik, prestatzen. Goiz zen, eta erdi-lo geunden, baina ALBOANen talde bikainak dinamika ezin hobeak prestatu zituen gu esnatzeko. ALBOANen taldean Mentxu, Libe eta Saray daude; ezin izan zuten etorri, baina gure artean izan ziren bi egunetan.
Hasiera bizkorgarriaren ondoren, atseden hartu genuen, eta hausnarketa egin, Libek aurreiritziei eta gertaeren eta iritzien arteko aldeei buruz hitz egin baitzigun. Berehala piztu zen eztabaida. Beharbada zeuen buruari galdetuko diozue zeri buruz eztabaidatzen dugun halako grinaz, baina ezin dizuet esan. Gehiago jakin nahi baduzue, etorri martxoaren 29an.
Eztabaidatu, partekatu eta hausnartu ondoren, “topaketen topaketa” prestatzen hasi ginen: kalejiraren ibilbidea aukeratu genuen, dantzaren koreografia prestatu, eta, nola ez, topaketara etortzea erabakitzen duten lagun ausart horiei guztiei ongietorria emateko dinamika diseinatu. Gauean, Jesuitak ikastetxera joan ginen, eta, bertan, Martin Iriberrik balioei, aldaketa sozialei eta erlijioari buruzko hitzaldi bat eman zigun. Afaldu ondoren, agerian jarri genuen gure talentua (edo gure talentu-falta); gitarra bat hartuta, gure taldeak eta Loiolaetxean bizi direnek abesteari ekin genion.
Hurrengo goizean, topaketako tailerrak diseinatzen hasi ginen: edukiak sortu genituen, influencer-ak bagina bezala, eta ezarri ditugun helburu guztiak lortzeko dinamikak aukeratu. |
Oraindik beste asteburu bat dugu topaketa prestatzeko, baina ziur nago, egin dugun lan guztia eta daukagun ilusio handia ikusita, topaketak erabateko arrakasta izango duela".