Skip to main content

Lan-jardunaldia: Gizarte-eraldaketarako hezten: ikastetxeak aldaketa-motor gisa

Lan-jardunaldia

Urtarrilaren 20an, EDUKALBOAN (ALBOAN), Transforma (InteRed) eta Hiritartasun Globalaren Aldeko Hezitzaileen Sarearekin (Oxfam Intermon) lotura duten hezitzaile eta eskolek osatutako Hezkuntza Eraldatzailearen eta Hiritartasun Globalaren Aldeko Mugimenduak lan-jardunaldi baterako deialdia egin zuen. Jardunaldi horretan 70 hezitzaile baino gehiago bildu ginen, hezkuntza eraldatzailea eraikitzeko funtsezko elementuak eta erronkak lantzeko. Nolako ikastetxeak izan nahi ditugu? Miren Ruiz Somorrostro ikastetxeko irakaslea da eta EDUKALBOAN sarean hartzen du parte. Lehen pertsonan kontatu digu nolakoa izan zen lan-saioa. Gure gazteen bizitzek kapitalismoa, patriarkatua eta estraktibismoa oinarri dituztela ikusita, zer gara? Zer egin nahi dugu: dinamika horiek eraldatu edo kopiatu? Halako galdera funtsezko eta sakonekin ekin genion Hezkuntza Eraldatzailearen eta Hiritartasun Globalaren Aldeko Mugimenduak deitutako lan-jardunaldiari. Gema Celoriok gure pedagogien iturriei buruz hausnartzen lagundu zigun eta hezkidetza, indarkeriarik eza eta ekologismoa bizi dugun berrikuntza pedagogikoaren ardatz gisa ikusteko proposamena egin zigun. Natxo Eguizabalek ikastetxe gisa eraldatzaile izateko gainditu behar ditugun erronkak azaldu zizkigun. Argi izan behar dugu zer-nolako ikastetxea izan nahi dugun, gure hezkuntza-proiektua sustatzen duen jakituria identifikatu behar dugu, hezkuntza-komunitate osoaren barneko Ni-a landu behar dugu eta axolagabetasunaren aurka borrokatu. Bi hausnarketa horiek abiapuntu hartuta, gure jardunbide eraldatzaileen zailtasunak, aukerak eta metodologiak lantzeari ekin genion. Azkenik, jardunaldiaren amaieran, arrakasta izan duten zenbait esperientzia ezagutu genituen. Jardunaldiak hausnarketaren eta praktikotasunaren arteko orekari eutsi zion, eta, horri esker, bihotza indarrez taupaka genuela, indarrak berrituta, pilak kargatuta eta praktikan jarri ahal izateko tresna (eta kontaktu) berri mordoarekin atera ginen handik.