Jesuitak Indautxuko Talde Feminista
10 urte hezkuntza-komunitatea batera hezten eta mobilizatzen
Jesuitak Indautxuko ikastetxeko Talde Feministak 10 urte bete ditu, eta bertatik bertara ezagutu nahi izan dugu zer suposatu duen konpromiso eta lan hamarkada honek. Denbora horretan, Alboan-en laguntzarekin eta gure lankide María Lezáunen laguntzarekin, funtsezko lana egin dute hezkuntza-komunitatean sentsibilizatzeko eta eragiteko.
Giza Eskubideekin konprometitutako jatorria
Taldeak Amnistia Internazionalaren eskola sarean ditu sustraiak. 2013an, eskolako irakasle talde bat, Itziar Villanueva, Melan Carasa eta Andoni Aranzabe, AI-ren premiazko ekintzak ikastetxeko ikasle eta irakasleei gerturatzen hasi ziren, Giza Eskubideen Taldea sortuz. Bi urteko lan gogorraren ondoren, eta ikasle parte-hartzaileek hala eskatuta, 2015eko udaberrian Talde Feminista bihurtu zen taldea. Helburua: kezkak partekatzeko eta ikastetxeko neskeei feminismoaren lehen urratsetan laguntzeko gune bat sortzea.
10 urte hauetan jende asko pasa da Talde Feministatik, bakoitzak bere arrastoa utziz. Unibertsitatean ikasten jarraitzen duten ikasleek taldeari lotuta jarraitzen dute, belaunaldi berriei lagunduz, bilerak antolatuz eta taldeak etengabe hazten eta berrasmatzen jarrai dezan bermatuz.
Taldea eskolako neskentzat hazkunde eta konfiantza gunea izan denez, mutilek ere adierazi zuten horrelako espazioekiko interesa. Eskaera horri erantzuteko, maskulinitate alternatiboei buruzko hausnarketan laguntzen hasi zen Gotzon Garcia. Une batzuetan talde horiek batera bildu badira ere, orokorrean modu independentean funtzionatzen dute.
10. urteurrena: gogoratzeko eta ospatzeko espazioa
Ibilbide hori oroitzeko, Talde Feministak topaketa berezi bat antolatu zuen, non, urteetan zehar sortutako kartelen erakusketa txiki baten bidez, lortutako eskaerak eta aurrerapenak ikusi ahal izan ziren. Ospakizunean zehar, adinaren araberako hiru taldetan banatu ziren esperientziak partekatzeko, une esanguratsuenak eta baita erronkarienak ere gogoratuz.
Ibilbide luzeagoa egin duten parte-hartzaileek hastapenetarako gune gisa definitu zuten taldea, "betaurreko moreak" jantzi eta berriro ez kentzeko leku gisa. Bestalde, mutilek nabarmendu zuten aukera eman diela bestela inoiz esperimentatu ezingo lituzketen bizipenak entzuteko, enpatiatik ikasiz. Horietako askorentzat, Talde Feminista babesleku segurua izan da esperientziak partekatzeko eta deskubritzeko, ez direla bakarrak, beste askok partekatzen dituztela baizik.
Jasotako formazioak, eragiteko ekintzak eta parte-hartzaileen arteko oreka izan ziren gehien baloratutako alderdietako batzuk. Horrez gain, anekdotak gogoratzeko eta taldearen bilakaeraz hausnartzeko tartea ere izan zen. Lehenengo kideak, prestakuntza gutxiagokoak, baina errebeldia handikoak, gaur egungoekin kontraste handia egiten dute, bagaje teoriko sendoagoarekin iristen baitira, feminismoa presentzia handiagoa duen ingurune bati esker. Hala ere, guztiak bat datoz egiteko asko dagoela esatean.
10. urteurren honek Jesuitak Indautxuko Talde Feministak berdintasunean oinarritutako hezkuntzarekin eta aldaketa sozialarekin duen konpromisoa berresteko balio izan du. Aurrera jarraitzen duen bidea, erreleboa hartu eta mundu justuago bat eraikitzen jarraitzeko prest dauden belaunaldi berriekin.
Zorionak egindako bideagatik eta oraindik ibiltzeko dagoenagatik!