Skip to main content

Herritartasun Kritikorako Eskolaren lehenengo edizioa amaitzear dago

Herritartasun Kritikorako Eskolaren

2017ko urrian jarri genuen martxan Herritartasun Kritikorako Eskola, Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroaren, Magis eta ALBOANen lankidetzaren ondorioz sortua eta antolatua. Lehen edizioan 20 lagunek parte hartu dute. Hitzaldiak, prestakuntza-saioak eta konplizitate-giroa nagusi izan diren azken hilabeteotan, herritar arduratsu, kritiko eta konprometituak sustatzea izan da gure taldean tartean diren 20 lagun horien interes nagusia. Bukatu da prestakuntza-garaia, eta laster ekingo diegu praktikei, azken bolada honetan partekatu dugun guztia martxan jartzeko. Partaideetako bati, Jaunarena Elosuari, eskatu diogu Herritartasun Kritikorako Eskolan parte hartu izanak zer ekarri dion kontatzeko. Orain dela hilabete batzuk, gure artean oso desberdinak garen zenbait pertsona Herritartasun Kritikorako Eskolaren bidea urratzen hasi ginen. Gutako inork ez zekien zer gertatuko zen, baina denok helburu berbera genuen: gure herritartasun-ereduaz gogoeta egitea eta aldaketa-eragile gisa egiten dugun lanaz jabetzea. Elkarrekin partekatu ditugun uneek, gutako bakoitzaren hausnarketek, aztertu ditugun kontzeptuek, gure arteko solasaldi informalek, eman diguten laguntzak… Horrek guztiak izugarri aberastu du gure ikasketa-prozesua, ikasitakoa esanguratsu bihurtu du, eta hasierako helburu hura gogotik bete du. Esan beharra dago metodologiak ere lagundu duela horretan. Alde batetik, irakurketa pertsonaleko uneak garrantzi handikoak izan dira, baina batik bat Loiolan egin genituen topaketak izan ziren apartak, elkarrekin bizitzeko aukera eman baitziguten. A priori, proposamenak erraza zirudien, baina prozesuak neure buruaren ezagutzan aurrera egiteko parada eman dit, eta hori ez da lan makala, hiperaktibitatearen mende bizi baikara, begirada lausoturik eta munduaren erritmo bizkorra ezin gelditurik. Jasotako laguntzari esker, orain badakit zeinen garrantzitsua den gelditzea eta gogoeta egitea, horrek munduko herritar gisa norberak izan behar duen rolari buruz pentsatzen laguntzen digunez gero. Landutako kontzeptuak ere laguntza handikoak izan dira: identitatea, kultura, demokrazia, partaidetza, justizia, Giza Eskubideak, feminismoa, kulturartekotasuna, lidergo konprometitua, erlijioen arteko elkarrizketa... Horrek guztiak ideiak ordenatzen lagundu dit, batzuetan zoratzeko modukoa dela dirudien arren, egiaz leku zoragarria den mundu honetako herritar izan beharrarekin koherente eta kontsekuente jokatzen. Hasieran zer espero nuen kontuan hartuta, ikastaroak nire asmoak gainditu dituela ere esan nahiko nuke. Ikasitakoaz eta konpartitutakoaz gainera, pertsona apartak ezagutzeko aukera ere izan dut, gure artean lotura estuak sortu dira, eta aurrerantzean ere gogoeta egiten jarraituko dugu, gauden tokitik modu globalean pentsatuz mundua nola aldatu hausnartzeko. Bukatzeko, zera esan nahi dut: mundua aldatu nahi dugun pertsonok, mundua leku inklusiboagoa, justuagoa eta solidarioagoa izatea eta pertsona guztiak zoriontsuak izatea nahi dugunok, indarrak berritzeko eta gure ikuspuntuak indartzeko gune ezin hobea aurkitu dugu proiektu honetan. Neuk behintzat horrelaxe bizi izan dut, eta aurrerantzean ere horrelaxe izango dela espero dut.