Skip to main content

ALBOANen Red de Jóvenes-Gazte Sarearen III. Topaketa

ALBOANen Red de Jóvenes-Gazte Sarearen III. Topaketa

Apirilaren 8tik 10era, Urduñan (Bizkaia) egin da ALBOANen Gazte Sare Solidarioaren III. Topaketa. "Youtuberren Eskola" leloarekin, Euskal Herriko eta Nafarroako gazteekin bildu dira gazte sarea osatzen duten taldeen hamarnaka ordezkari, eta Gatazkarik Gabeko Teknologia Askea ekimenaren alderdiak izan dituzte aztergai.  Gainera, ERIC-eko (Hausnarketa, Ikerketa eta Komunikazio Taldea) gazte talde bat izan da Topaketan. Jesusen Lagundiak Hondurasen duen gizarte ekintza da ERIC, eta fedea eta justizia oinarri harturik, Yoro eta Atlantida departamentu txiroenetako herritarrei laguntzen die. Hondurasko ordezkaritzak meatzaritzako megaproiektuen errealitateari eta halako proiektuek herrialdeak bizi duen indarkeria eta zigorgabetasun egoeran eragiten duten inpaktuari buruzko ekarpen eskuzabala egin zuen. 12990902_1140446109321728_7188712116716961740_n

Hitzaldi, tailer, antzezlan eta jolas izaerako jarduerek osaturiko agenda aberatsa lagun, parte hartzaileek egoera hobe ezagutu ahal izan dute, eta gatazka iturri diren mineralen merkataritzari eta egunero erabiltzen ditugun gailu elektronikoekin duten loturari buruzko hausnarketa egin dute. Azkenik, agerian utzi dute beren trebetasuna mugikorrarekin bideoak argitaratzeko gailutzat harturik, eta horrenbestez azaleratu dituzte generoen arteko desberdintasunaren, kontsumo arduratsuaren eta birziklatzearen, hezkuntzaren eta meatzaritzaren inguruan ikasitakoari buruz egindako hausnarketak. 12994488_1141409642558708_3856782391299025351_n

Nerabeek herritar global gisa zuzenean parte hartzeko dauzkaten gaitasunak sendotzea du xede ALBOANen Gazte Sare Solidarioak. Gizartea mundu zuzen, solidario eta iraunkorrera bidean jartzeko xedean hitz egiteko eta "globalki pentsatu eta tokian esku hartu" printzipioa errealitate egiteko espazioa da sare hau. Jarrai ezazu ALBOANeko Gazte Sarea >